Lehenengo fotogramak
The Fabelmans
Zuzendaria: Steven Spielberg.
Urtea: 2022.
Herrialdea: AEB.
Pelikula batzuek azkenak izateko eginak direla ematen dute. Ibilbide luzeen ondoren ixte borobilak izango liratekeen pelikulak dira, tematikoki, formalki eta sentimentalki aurretiazko eginikoa batu eta azken eten koherente izan ahalko liratekeenak. Aipaturikoa esan liteke Steven Spielbergen The Fabelmans honen inguruan. 70eko hamarkadatik pelikulak egiten ari den Hollywoodeko Midas erregeak era guztietako filmak plazaratu ditu, industrian eroso mugitu izan den egilea da, eta halere bere nortasun printzak landatu ditu beti bere lanetan. Bada, horiek denak hartuta, eta generoko ia denetan istorioak eratu ondoren, bere istorio propioari egin dio aurre Ohioko zuzendariak, hain zuzen ere bi maitasun istorio paraleloan kontatuta. Bat, mingotsa, bere gurasoen bizitza (anti)erromantikoa; eta bestea, gozoa, Spielberg berarena eta zinemarekiko duen maiteminarena.
Sammyren (ondoren Gabriel LaBelle izango denaren) jaiotzaren lekuko izatera gonbidatuko gaitu pelikulak bere lehen eszenan bertan. Ez jaiotza fisikoa, bere pasioaren haziaren landatzea izango da: bere gurasoekin zinemaren ilaran dago sei urteko haurra. Ez du sartu nahi, pantaila erraldoiaren irudiek beldur emango diotenaren susmoa du. Aita eta ama bere ondoan makurtuko dira, eta zinemaren esperientzia deskribatuko diote, sortzen duen zirrara, gure barrenean piztu dezakeen zoriontasuna. Kamera altxa egingo da, «The greatest show on earth» proiektatuko dela adierazten duen kartelera, eta gu ere zineman sartuko gara. Sammy txikia jendez lepo dagoen aretoan dago. Muntaiak pantailako De Milleen pelikula erakutsiko digu, eta tarteka aretoko irudiak, batez ere grinaz beteriko Sammyren begi urdinak. Txikia bezala, zein erraza gu ere zinemaren magiak har gaitzan uztea, Spielbergek erabateko debozioz idatzi eta filmatutako maitasun gutuna dela laster ulertuko baitugu.
Arlo tematikoan hala, Spielbergek familian jarriko du bere arreta fokua. Horrenbestetan egin izan duen bezala (E.T., Hook, Artificial Intelligence, Minority Report, oso bestelakoak diren adibideak aipatzearren), hautsitako edo arrakala agerikoak dituzten sendiek bere sentsibilitatea pizten dute, eta nolabait, horren ‘jatorrizko bekatua’ erakutsiko zaigu bertan (askotan esan izan du bere gaztetako trauma dela bere gurasoen banatzea). Gurasoak bere bizitzako polo bezala azalduko zaizkigu, etxearen iparrorratz bikoitza eratuko balute bezala. Aita (Paul Danoren haragitze samur zoragarria tarteko) onbera eta eskuzabala, baina bere ingeniaritza lanek absorbatuta daukate, eta Sammyren zinemarekiko pasioa miresten badu ere denborapasa gisa hartzen du, semearen iraina pizteraino. Amak (Michelle Williamsek pertsonaiaren kontraesanak zoragarri azaleratzen ditu), kontrara, artearen sormena zainetan darama, pianojolea da eta ameslaria, nahiz eta seme-alabak izateak bere amets horiek albo batera uztera eraman duen. Buru-osasun ongizatearen inguruko hausnarketak amaren pertsonaia honetatik datoz. Pertsonaia gehiago badira, baina hirukote honen tentsioaren bitartez egingo du aurrera pelikulak.
Oro har, coming of age, gutxi gora behera, kanonikoaz mintza gintezke, non haurrak bere munduko tokia aurkitzeko zalantzak ahal bezala lehiatuko dituen, pertsonaiak 20 bat urte izatera arte, eta autobiografia den heinean, denok ezagutzen dugun zinema zuzendaritzaren bidea hartzen duen arte (zinemaren kondaira mitikoa ere pantailan ikusiko dugu, Spielberg gazteak John Fordekin izan omen zuen elkarrizketa hura… Forden haragitzea Davi Lynchek egiten du!). Familiako tentsioak zoragarri funtzionatuko du, eta zinemaren ibilbideak ere bai. Beste alorrak hankamotz samar geratuko direnaren sentsazioa dugu. Sammyren maitasun istorioa eta institutuan pairatuko duen antisemitismo eta jazarpen bortitza, esaterako, arinkeriaz tratatu eta ixten dituela ematen du. Edonola, pelikularen pultsoa, bere bihotz eta esentzia Spielbergen kamera da. Tekniko bikaina dela aski ezaguna da, eta hortaz gainera, storyteller izugarria dela ezin uka, ipuinak beste inork bezala kontatzen ditu Steven zaharrak eta pelikulak bi ordu eta erdi irauten baditu ere, bere irudiek hegan garamatzate. Eszenek planifikazio zehatz eta landua daukate kontatze narratiba ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Hau, esaterako, familia osoak mahaian bazkaltzen duen eszenetan da nabaria. Travelling-ak, pertsonatik pertsonarako panoramikak, burura datozkigun plano mota ia guztiak, momentuan egindako enfoke eremuen aldaketak… bazkal une horietako egunerokotasun bizia zoragarri harrapatzen du Spielbergek eta erarik ikusgarrienean eskaintzen digu. Zenbaitetan leporatu izan zaio zuzendariari bere bertute eszenikoak, kontatze talentu berariazkoa, funtzionaltasunaren zerbitzura jartzen dituela. Eta hau zenbaitetan hala dela ukatu gabe, irudi bitartezko adiera boteretsua ere gordetzen dute askotan Spielbergen irudiek. Zein ederra, hala, azken partean gertatzen den atzerakako travellinga, aurretiaz horren bizi ikusi dugun egongelako mahai hutsaren plano orokorrera iristeraino, eremuren sakonean, Sammy eta bere ama sukaldean zutik direla.
Eta zinema. Beste ezeren gainetik, zinema. Zinema etxe, gotorleku eta babes bezala. Hitzak esateko gai ez garenerako tresna. Iraganeko sekretuen gordailu eta altxorraren kutxa. Magiaren gurpila eta gaitz ororen salbazioa. Dena gainbehera datorrenean geratzen den heldulekua. Spielberg-en zinemaren irudikatzeak maila guztietan sortuko digu zirrara. Eremu minimalistenean, Sammyren manipulazio trebeak, 8 milimetrotako zinta mozten edo sailkatzen, gurpilari eragiten, kameraren argia pizten, edo bere eskuak proiekzio pantaila erabiltzen (irudiak harrapatu nahiko balitu bezala, filmaren irudi ederrenetariko batetan). Behin nagusiagoa denean, irudietan pertsonaien inguruko egia ezkutuak aurkituko ditu eta ondoren, armairu barneko paretan erakutsiko ditu. Eta eremu handienean, proiekzio publikoak antolatzen, gero eta esku trebeagoz eraikitako soinu gabeko pelikulen bitartez, bertaratzen direnen eromena eraginez. Westernak, gerra filmak edo dokumentalak erakusten ikusiko dugu, eta familian grabaturiko pasarteek ere zipriztinduko dute filma, haietako askok era hunkigarrian. Esan bezala, 76 urte dituela, oraindik ere pelikula ederrak egiteke ditu ziur asko, baina hau Steven Spielbergen azken obra balitz, ibilbidea borobildu izanaren lasaitasunarekin hartu ahalko luke erretiroa


