Suteak itzaltzeko modu tradizionala
Sagardotegi garai betean gauden honetan, ezin ahaztu sagardoak Donostian historikoki izan duen garrantzia. Festa giroan ez ezik, une lazgarrienetan ere funtsezkoa izan zen XVI. mendean, hirian zegoen ur eskasiaren aurrean, sugarrak baretzeko ere erabiltzen baitzuten.

Donostian edateko urik ez izateak bizilagunak estutu izan ditu historikoki. Claudio Artesanoren Morlans denboran zehar liburuan azaltzen denez, sekula ez zegoen nahikoa ur harresien barruan bizi ziren guztientzat. “Donostiako historia osoan endemikoa zen ur eskasia. Ur horniduraren behin betiko irtenbideak bilatzea izan zen hurrenez hurrengo udal-korporazioen arazo nagusia”, azaldu du Artesanok liburuan.
XVI. mendearen erdialdean, 1552. urtean, hiritarrak urez hornitzeko soilik bost gune zeuden Donostian: hiru putzu eta bi iturri. Ur eskasiak eta suteek kezka sortzen zien hiritarrei, eta ez da gutxiagorako; izan ere, lehen aipatutako liburuan zehazten denez, hiribilduan hamahiru sute izan ziren eta sei aldiz erabat suntsitu zen 1266tik 1813ra.
Horren harira, Fernando Katolikoa erregeak Baezan (Jaen, Espainia) 1489ko uztailaren 7an berretsitako udal ordenantzetan honela esaten da: “Orobat, agintzen dugu hiribildu horretako etxeren batean sua sortuko balitz, ardoa edo sagardoa dutenek eman dezatela sua itzaltzeko eta Kontsejua ur edo sagardo horren jabeei ordaintzera behartuta egongo dela zinpean eta etxeren bat eraitsiko balitz sua itzali eta hiribildua salbatzearren Kontzejuak etxe horren jabeari ordain diezaiola”.
Urteak igaro arren, egoerak bere horretan jarraitzen zuen. Udalak 1604ko abenduaren 7an egindako akta batean honakoa jasotzen da: “Zurriolan izandako sua itzaltzeko pertsona batzuek hartutako sagardoak ordaindu zituen hiribilduak”.
Premia ikusita, ura hiriko beste iturburu batzuetatik ekartzea pentsatu zen. 1609an, ura Morlansko iturburuetatik ekartzeko hodi bat inauguratu zuten. Horrela hornitu zen urez Donostia 250 urtez baino gehiagoz. Liburuaren arabera, hodiak 40.000 kuartillo inguruko ur-emaria zuela uste da.