'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera gogoratu dute kantujiran
Otsailaren 20an hogei urte beteko dira euskarazko kazeta itxi zutela. Donostian, euskaltzale talde batek kantujira sortu zuen 2003ko otsailean, itxieraren aurka protesta egiteko. Hogei urteren ondoren, kantuan jarraitzen dute.
Gaur egun Euskal Herriko herri askotara zabaldu den arren, Donostian abiatu zen kantujira. Ohitura Ipar Euskal Herritik dator, baina Donostiako Parte Zaharrean hasi zen gaur aurte jarraitu duen kantujirak. 2003ko otsailean izan zen, eta protesta egiteko helburuarekin sortu zuen euskaltzale talde batek. Zeren kontra? ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren itxiera salatzeko. Elkarrekin kantatzeko elkartu ziren Parte Zaharrean, Bilintx liburu dendan.
Egun hartan, 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo epaileak, Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, kazeta ixtea agindu zuen, eta hamar lagun atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zituzten. Haserre handia piztu zuen komunikabidearen itxierak, eta hainbat mobilizazio izan ziren Euskal Herri osoan. 2010ean Espainiako Auzitegi Nazionalak esan zuen erabaki okerra izan zela, baina kaltea eginda zegoen. Egun hartan bizitakoa gogora ekarri dute gaur, toki berean, hogei urteren ondoren.
Gaur euskaraz kantatzeko elkartu dira berriz, ohi bezala, baina euren sorrera gogoratuz. Eta gaurkoa berezia zela adierazi dute hainbat kantujira zalek egunkari paperarekin egin dituzten txanoak jantzita. Euskaldunon Egunkaria-ren logoa itsatsi dute euren txapeletan eta txanoetan. Nolabait, gertatutakoa gogoratzeko, aldarrikapen modura.
Ez, ez dut nahi abestu dute lehendabizi. Hori izan zen euren lehenengo abestia. Haiekin batera kantatu dute Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran proiektu haren parte ziren kide batzuek. Martxelo Otamendi zuzendaria, Enekoitz Esnaola eta Arantxa Iraola kazetariak eta Joxe Mari Sors Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko kide ohia izan dira haiekin. Mari Luz Esteban antropologoa ere izan da ekitaldian, eta nabarmendu du, ondo pasatzeko, eta herri ondarea zaintzeko egitasmo bat izateaz gain, kantujira badela ere “erresistentzia forma bat, zerbait aldarrikatzeko modu bat”.
Deialdi hark arrakasta handia izan zuen, eta jarraitzea erabaki zuten. Hileko hirugarren larunbatean elkartzen dira Fermin Kalbeton kalean. Mari Luz Estebanen arabera, “sozializatzeko eta elkar topatzeko” aukera paregabea da. Bide batez, uste du herri kantutegia mantendu, zaindu, eta “identitate kolektibo bat jorratzeko” balio duela.
Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak ere hartu du hitza kantujiraren bidea eskertzeko. Euskal Herria euskarazko egunkaririk gabe uzten saiatu ziren arren, lankideek aurrera egin zutela gogoratu du, eta herritarren laguntzari esker komunikabide hobea egin ahal izan zutela. Duela hogei urte eta geroztik emandako babesa izugarria izan dela nabarmendu du, eta kantujirakoak animatu ditu kaleak kantuz betetzen jarraitzera.