Momo jainkoa esnatu dute
Gaur inauterietako konpartsek Donostiako kaleak hartu dituzte. Goizean Zuloaga plazan elkartu dira, eta kalejiran joan dira Parte Zaharretik Maria Cristina hoteleraino, Momo jainkoa atseden hartzen ari zen tokiraino. Eta han, bere logelako balkoiaren azpian, goiztiriak kantatu dizkiote konpartsa zaleek. Aurten 30 urte bete dira Goiztiriak sortu zirenetik. Inauterietako larunbatean Momo esnatzera joaten hasi ziren, jai giroan, eta tradizioak gaur arte iraun du. Kalejiran zehar, inauterizaleek jauzi egiten dute, batzuetan aurrerantz eta beste batzuetan atzerantz, eta txaranga batek lagunduta joaten dira hoteleraino. Momo jainkoa eta bere segizioa Plaza Berrira joan dira, eta, han, alkateak agintea Momori eman dio.
Aurtengo Momo jainkoa Toxic konpartsako Monica Larreina da. Ozeko aztiaren fimeko (The Wonderful Wizard of Oz, 1939) Dorothy pertsonaiaz mozorrotu da. 20 urte baino gehiago darama dantza eta ikuskizunen munduan, eta besteak beste, bera da Antiguako Toxic konpartsaren sortzailea. Pozik agertu da prentsaurrean: “Beti esan izan dut ez nuela Momo izan nahi, niri dantzatzea gustazen zaidalako. Orain, ordea, izugarrizko ilusioa egiten dit. Jaiak ezberdin bizitzeko aukera ematen didalako honek”.