Arriolako aterpetxearen jabeak udalaren debekua errekurritu du
Itxita dago Antiguako Arriola pasealekuko Basquepackers Urban Hostel aterpetxea. Donostiako Udalak iazko uztailean utzi zuen bertan behera obra baimena, eta urtarrilean espediente bat ireki zuten emandako lizentzia “kaltegarritzat” jotzeko. Erabaki hori errekurritzea erabaki du Liderko enpresak, aterpetxearen jabeak.
Epaile batek ebatziko du Arriolako ostatuak berme guztiak betetzen dituen ireki ahal izateko. “Ez dugu nahi emandako lizentziari esker hastea jarduera, eta ondoren epaileak ebaztea ez dela legezkoa”, adierazi zuen urtarrilean Eneko Goia alkateak.
Lanak hasi orduko, Arriola pasealekuko 15., 17., 19. eta 21. zenbakietako bizilagunek udalak emandako baimenari helegitea aurkeztu zioten. Orduan, udalak kanpoko enpresa bati eskatu zion azterketa topografiko bat egiteko. Hain zuzen ere, egindako lanak eta obra handietarako baimena lortzeko aurkeztutako planoak eta dokumentazioak bat egiten zuten egiaztatzeko eskatu zuten azterketa hori. Azterketa topografikoaren emaitza ikusita, eta egiaztatuta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa, udalak ziurtatu zuen baimena lortzeko emandako datuek ez zutela errealitatearekin bat egiten. Gainera, frogatu zuten lokala ez zegoela beheko solairuan, eta, horrela, ez dituela ostatu erabilera emateko baldintzak betetzen.