Dbizi zerbitzuko bidaia kopurua %62 igo da 2022an
Donostiako Udalak Dbizi zerbitzuaren 2022ko erabilera datuak plazaratu ditu, eta nabarmen igo da bidaia kopurua: 787.963 bidaia erregistratu zituzten 2022an, eta 488.284 2021ean; hau da, %62 igo da bidaia kopurua 2021etik 2022ra. Gogoratu behar da, halaber, Dbizi zerbitzuaren eskaintza handiagoa izan dela 2022an, Herrerara ere zabaldu baitzuten.
Horrela, 2022an, 96.010 kilometro egin dituzte erabiltzaileek Dbiziko bizikletekin (batez beste, 263 kilometro egunean); 2021ean, 74.684 kilometro egin zituzten guztira (205 egunean). Abonu motei dagokienez, urteko iraupena duen banakako abonu arrunta nagusitu da, eta hilabeteko iraupena duten noizbehinkako abonuek uztailetik irailera izan dituzte erabiltzaile gehien. Hain zuzen ere, irailaren 22an erregistratu zituzten bidaia gehien: 3.667. Bestalde, urteko bidaia guztien %56,64 bizikleta elektrikoetan egin zituzten erabiltzaileek.
Bidaien batez besteko iraupena 12,10 minutukoa izan da (2021ean antzekoa izan zen), eta bidaien %97,3a 30 minututik beherakoak izan dira. Bestalde, erabiltzaileen erdia baino apur bat gehiago (%52,5) gizonak izan dira, eta %46,9 emakumeak. Horrez gain, 42 urtekoa izan da erabiltzaileen batez besteko adina (2021ekoa 41 urtekoa zen). 26-35 urte bitartekoen artean handitu egin da bizikletaren erabilera, eta txikitu egin da 16-17 urte bitartekoen artean.