Donostiako parkeetan eta lorategietan biodibertsitatea sustatzeko gida argitaratu dute
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien Bulegoak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako parke eta lorategietan biodibertsitatea hobetzeko kudeaketa bereiziaren gida bat egin dute. Hiriko berdeguneetan garatu beharreko kudeaketa jarraibideak ezartzen dituen gida bat da, eta hiriko toki horietan biodibertsitatea kontserbatu eta sustatzera bideratuta dago.
Parke eta lorategietako biodibertsitatea kontserbatzeko kudeaketa bereiziari buruzko gomendioak bildu eta laburbiltzen ditu gida honek.
Olatz Aizpuruak, Aranzadiko biologo eta gidaren egilekideak, gaur egin duten aurkezpenean adierazi du “kudeatzeko modu bat espazioak erabileraren arabera zonifikatzea dela. Hiri parke handi bat kudeatzeko orduan, esku hartze ezberdinak egon daitezke: alde batetik, esku hartze estua eta tradizionala, non, adibidez, maiz mozten den soropil eremu bat dagoen eta lore apaingarriak landatzen diren; eta, bestetik, kudeaketarik gabeko esku hartzea, baso egitura natural bat birsortzeko”.
Donostian badira mantentze lan bereizi horiek egiten diren parke eta lorategi batzuk. Helburua da kudeaketa bereizi hori pixkanaka Donostia osora zabaltzea. “Horretarako, beharrezkoa da parke eta lorategien kudeaketaz arduratzen diren teknikarien etengabeko prestakuntza egitea, eta aldi berean, herritarrak sentsibilizatzea. Gakoa da oreka aurkitzea herritarrek Donostiako parke eta lorategietatik espero dutenaren eta parkearen oreka naturalaren artean”, azaldu dute.
Jakinarazi dutenez, fitosanitarioak erabiltzeak (intsektizidak, fungizidak, herbizidak) zuzeneko ondorioak ditu biodibertsitatean. Horregatik, gida honetan proposatzen da Donostiako berdeguneak kudeatzeko orduan produktu biozidarik ez erabiltzea, eta intsektiziden ordezko aukera biologikoak sustatzea.
Bestalde, inausketa “masiboek” (zuhaitzean adarrik ia uzten ez dutenak) zuhaitzen ahalmena murrizten dute beren adarren artean hazi eta babesten diren espezieei itzala zein aterpea emateko, eta horrek murriztu egiten du hiriguneek klima-aldaketaren aurrean erresilientzia izateko duten gaitasuna.
Era berean, nabarmendu dute flora autoktonoko espezieen landaketa sustatzea “funtsezkoa” dela Donostiako parke eta lorategietako biodibertsitatea areagotzeko. Beraz, espezie inbaditzaileak landatzeari uztea proposatzen du gidak, eta landare espezie aloktonoak pixkanaka espezie autoktonoekin ordezteko plan bat egitea.
Kudeaketa irizpideen proposamena
Halaber, gida honetan gomendatzen da zuhaitz azalera handitzea, Donostiako zuhaitzen zahartze prozesu naturala ahal den neurrian errespetatzea; egur hila eta orbela parkeetatik sistematikoki ez kentzea, ekosistemetan funtsezko eginkizuna dutelako; edo zuhaitzak dauden berdeguneetan habia kutxen erabilera orokortzea, hegaztientzako eta saguzarrentzako babesleku izan daitezen.
Gainera, beste parke eta lorategiekin batera bestelako elementu batzuk ere egotea gomendatzen da, hala nola, hiri hormak, putzuak eta hezeguneak, eta parke eta lorategien erabilera biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak diren jarduerekin mantentzearen garrantzia ere azpimarratzen da.