EH Bilduk dio kaiko bizilagunek portuko udal kontseilu berrian parte hartu behar dutela
Azken urteotan Donostiako kaiaren inguruan hainbat arazo eta eztabaida sortu dira. Esaterako, arrapala ixteko erabakia eta amarralekuen afera. Arazo horiek konpontzeko EH Bilduk uste du herritarren parte hartze zuzena beharrezkoa dela. Gaur goizean agerraldia egin dute osteguneko osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioaren berri emateko.
“Interes desberdinen arteko bizikidetza posible da, eta, horretarako, eragileen arteko partaidetza eta komunikazioa ahalbidetuko duen espazio bat behar da. Baina kontuan hartu behar da Donostia dela portuen administrazio eremuan (EKP eremuan) herritarrak bizi diren EAEko udalerri bakarra da (200 biztanle inguru). Horregatik, ezinbestekoa da, Portuen Legea garatzen ari den honetan, berezitasun hori kontuan hartzea, eta, beraz, Donostiako Portuko Udal Kontseiluak bertan bizi direnen parte hartzea ziurtatu behar du”, adierazi du Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak.
Legearen arabera, kontseilu horietan, administrazioez gain, portu sektorean diharduten sektore ekonomiko, profesional eta sozialek ere parte hartu ahal izango dute. Nahiz eta testuak ez duen aipatzen herritarrek kontseilu horietan parte hartzeko aukera, bereziki nabarmentzen du EAEko “portu askoren hiri-izaera” (2/2018 Legearen zioen azalpena, I. kapitulua), “portuko jardueraren eta portuko udalerri eta hirien arteko elkarbizitza beharrezko eta baketsuari” dagokionez. Hau da, portuko jardueren eta zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa elkarbizitza horretara bideratuta egongo da. “Alde horretatik, ezinbestekoa da herritarren iritziak eta ekarpenak kontuan hartzea; izan ere, hala ez bada, nekez lortuko dira proposatutako helburuak, Donostian behintzat”, nabarmendu du Ormazabalek.
Hori dela eta, ostegunean EH Bilduk eskatuko du Donostiako Portuko Udal Kontseilua ahalik eta lasterren eratzea, “bizilagunek batzorde horretan modu antolatuan parte hartu ahal izan dezaten”.