Erramun Martikorenaz mozorrotu denak eskuratu du Irutxuloko Hitzaren saria
Inauterietako bertso afaria egin zuten ostiralean Ilunki elkartean. Antolatzaileek mozorrotuta joateko deia egin zuten, eta parte hartzaileen artean hainbat sari banatu zituzten. Mozorro onenaren saria Irutxuloko Hitzak banatu zuen, eta irabazlea Mikel Sarasola izan zen. Herri Urrats festako kantaren bideo klipa hartu zuen inspirazio iturri, eta Erramun Martikorenaz mozorrotu zen, Itzulera abestiaren bideoan agertzen den moduan jantziz. Urtebeteko doako harpidetza eskuratu du.
Afarian Gaztelumendi anaiak eta Alaia Martin bertsolariak aritu ziren bertsotan. Eurak ere mozorrotuta joan ziren, Hiru Hirukiak marrazki bizidunetako pertsonaien larruan sartuta. Talde argazkia egin zuten mozorro lehiaketako saritu guztiekin, eta Sarasola hirugarrena da, ezkerretik hasita.