Martuteneko espetxeko zuzendariak bere kargua utzi du
Martuteneko kartzelako zuzendari Marian Morenok dimisioa eman du, eta zuzendari izan aurretik espetxe horretan bertan zuen psikologo postura itzuliko da, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera.
Justizia saileko iturriek Eferi azaldu diotenez, Morenok bere lantaldeko hainbat kideri mezu bat helarazi die, esanez “nekea” dela eta aurkeztu duela dimisioa urte asko pasatu dituelako zuzendaritza taldean, eta zuzendari lanetan eman dituen azken lau urteak bereziki gogorrak izan direlako, pandemiaren ondorioz.
Halaber, agentziaren arabera, Morenok orduko Justizia sailburu Beatriz Artozabalekin hartu zuen Martuteneko kartzelako zuzendari izateko konpromisoa, espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasatu ondoren, kudeaketa eredu propioa sustatzeko. Ordea, Artozabalek Justizia saila utzi eta Gasteizko alkatetzarako hautagaitza bere gain hartu duenez, Morenok ere bere etapa bukatu behar zuela erabaki du.
Morenoren dimisioa hilaren 24an egingo dute ofizial, eta handik hiru egunera, Alfredo Gomez egungo kudeaketa zuzendariordeak hartuko du zuzendari kargua. Gomez soziologoa da, eta 1995etik dabil espetxeetako funtzionario lanetan. 2012an, kudeaketa zuzendariorde kargua hartu zuen, eta jarduneko ordezko zuzendari lanak egin ditu 2019ko abuztutik. Morenok 2019ko uztailean hartu zuen zuzendari kargua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe bat zuzendu duen lehenengo emakumea da.