Amable Ariasek Antzoki Zaharrean egindako lanak, San Telmo Museoan
'Amable Arias banbalinetan' erakusketa doan ikus daiteke Laborategia aretoan.
Amable Ariasen ama, Pilar Yebra, Donostiako Antzoki Zaharreko arropazaindegian hasi zen lanean 1951n. Amable Arias gazte hark ordu asko eman zituen hari laguntzen. Txikitan izandako istripu baten ondorioz, urte asko pasa zituen etxean sartuta, eta, beraz, Antzoki Zaharreko barne bizitza hura erabat berria izan zen berarentzat. 1953rako bere buruarengan konfiantza hartzen hasi zen, eta handik igarotzen ziren askotariko artistak erretratatzeari ekin zion, tintaz, arkatzez nahiz akuarelaz. Orain, San Telmo Museoak, Amable Ariasen bikotekide izandako Maru Rizoren dohaintza bati esker, garai hartan egin zuen obra erakutsi du. 1955. eta 1959. urteen artean eginiko marrazki zein urmargo sorta horretako 79 lan ikusgai jarri dituzte Laborategia aretoan. Maiatzaren 28ra arte egingo da zabalik Amable Arias banbalinetan erakusketa.
Joan den ostiralean inauguratu zuten erakusketa, eta jendez lepo bete zen ekitaldi aretoa. Maru Rizok eta Mikel Lertxundi arte historialariak aurkeztu zuten erakusketa. Rizok antzerkira joaten garen jarrera berarekin sartzeko deia egin zuen: “Antzoki bateko oihala igoko balitz bezala. Horrela ikusi behar da Antzoki Zaharrari buruzko seriea, izpiritu artistiko eta antzerkizalearekin”. Garaiko kaleko bizimodutik oso bestelako arauak zituen barruan ezagutu zuen giro hark, eta askotariko artistak ezagutzeko aukera izan zuen: “Vedette komiko moduan lehen pausoak ematen ari zen Lina Morgan ezagutu zuen, adibidez”.
Bilduma hau Amable Ariasen obran berezia dela nabarmendu zuen Rizok, oso obra donostiarra delako. Artistak Bulebarrean egin zuen beste bilduma batekin konparatu zuen, eta harekin ere erakusketa bat egitea gustatuko litzaiokeela aitortu zuen: “Las posaderas boulevarianas izena du bilduma horrek. Amablek 200 bat pertsona marraztu zituen Bulebarreko erlojuaren inguruan, norbaiten zain zeuden bitartean”.
Rizok gogoratu zuen Amable Ariasek oso bizitza gogorra izan zuela, eta bi aukera izan zituela: “Harkaitz gogor bihurtu edo etsipenean erori. Amable psikologikoki oso pertsona indartsua zen, eta lehen aukera hartu zuen. Gogor egin zion guztiari. Guztioi tokatzen zaigu egoera gogorrak bizitzea, baina kemena ez da inoiz galdu behar. Beti esan ohi dut baikortasuna eta borondatea direla gauzarik iraultzaileenak”.
Jose Antonio Sistiaga artista ere izan zen bertan, inaugurazioan. Amable Ariasekin harreman estua izan zuen, eta oso lagun onak izan zirela esan du Rizok. Ricardo Ugarte eta Alfredo Bikondoa artistak ere izan ziren inaugurazioan, baita Egia Bizirik elkarteko kide batzuk ere. Izan ere, Maru Rizok auzoarekin harreman estua izan du.