Club Cantabricoko ekitaldi ultraeskuindarra Bilbora lekualdatu dute
'ETA, ni olvido ni perdón' liburua azkenean ez dute Donostian aurkeztuko, baina "ETAren biktimen omenezko lore eskaintza" bat egingo dute aurretik Alderdi Ederren.
Alvaro Romero frankista, Jesus Longueira Espainiako Poliziako agente ultraeskuindarra eta Martin Saenz de Ynestrillas enpresari ultraeskuindarra ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkeztekoak ziren Club Cantabrico elkarte baztertzailean, baina Bilboko Ercilla hotelean egingo dute aurkezpena azkenean. SND argitaletxe ultraeskuindarra da ekitaldiaren antolatzailea, eta Europa Press albiste agentziari azaldu dionez, “jasotako mehatxuengatik” egin dute lekualdaketa.
Aurkezpena ostegunean (hilak 23) egingo dute, 20:00etan, baina aurretik, “ETAren biktimen omenezko lore eskaintza” bat egingo dute Alderdi Ederren. Hala ere, argitaletxearen webgunean oraindik jartzen du ekitaldia Club Cantabricon dela.
Longueirak idatzi du liburua, editore lanak egin ditu Romerok eta Ynestrillasek idatzi du hitzaurrea. Falangista ezaguna da Martin Saenz de Ynestrillas, besteak beste, Falange Espainola alderdi ultraeskuindarraren eta ADÑ koalizio ultraeskuindarraren hautagaia izan baita. Halaber, sendi ultraeskuindar ezaguna dira Ynestrillastarrak, Martinen herenaitonatik hasita.