"Euskal Herriko mendiak, natura guneak eta landa inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak"
Mobilizazio dinamika bateratu baten aurkezpena egin dute gaur goizean, Donostiako kaian.
Euskal Herriko ondare naturalaren eta landa eremuaren defentsan diharduten hainbat eragilek bat egitea erabaki dute. Hain zuzen ere, mobilizazio dinamika bateratu bat osatu dute, eta aurreneko mobilizazioak iragarri dituzte. Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik lelopean, bi manifestazio egingo dituzte. Lehenengoa Iruñean izango da apirilaren 22an, eta bigarrena Gasteizen maiatzaren 20an.
“Azkenaldian natura guneak eta landa inguruneak industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara”, salatu dute dinamikako kideek. “Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako”, gaineratu dute.
Horren guztiaren atzean, landa eremua eta bertako bizimodua pixkanaka desegiteko asmoa dagoela nabarmendu dute, “gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagerraraziz”. Politikari askok diru publikoa “patrika pribatuetara” eramaten dutela salatu dute: “Halaxe xahutu da eta oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHTan, erraustegietan eta zabortegi industrialetan”.
Natura babesteko neurriak
Dinamikako arduradunek hainbat eskaera luzatu dizkiete agintariei: “Natura benetan babestuko duen politika eskatzen dugu, gure habitata babestea, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe; energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika, pertsonen beharrei erantzungo dien eredu deszentralizatu eta tokikoan oinarrituta”. Horrekin batera, erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar direla nabarmendu dute: “Euskal Herriko mendiak, natura guneak eta landa inguruneak ez dira kapitalak konkistatzeko guneak”.