'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanak irabazi du XXIII. Donostia Antzerki Saria
Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek zuzendutako eta antzeztutako obra da. Iaz Donostian programatu ziren euskarazko 25 antzezlanen artean hautatu du epaimahaiak.
Kamikaz kolektiboaren eta Tttak Teatroaren arteko elkarlanetik sortutako hirugarren proiektua da hau. 2021eko urrian estreinatu zuten antzezlana, eta oraindik emanaldiak egiten ari dira. Donostian iazko irailean aurkeztu zuten, Egian, Gazteszenan. Donostia Antzerki Saria eskuratu dutenez, Antzerkiaren Nazioarteko egunean, martxoaren 27an, berriz taularatu ahal izango dute Donostian, Viktoria Eugenia Antzokian (gonbidapena eskuratu behar da Donostia Kulturaren bitartez). Gainera, Donostia Kulturak eta Euskara Zerbitzuak babestutako sariarengatik 12.000 euro eskuratuko dituzte euren hurrengo antzezlana sustatzeko.
Jon Insausti Euskara zinegotziak gogora ekarri du Donostia Antzerki Saria helduentzako euskarazko antzerkia sustatzeko asmoz sortu zela, eta emaitzak ematen ari dela adierazi du: “11.000 ikusle izan ziren. Emanaldi gehienetan sarrerak agortu egin dira”. Iaz guztira euskarazko 25 antzezlan programatu zituen Donostia Kulturak.
Kamikaz kolektiboa Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Miren Gaztañagak sortu zuten 2014an, eta Ttak Teatroa Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek 2008an. Bi konpainiek antzerkia ikusteko eta bizitzeko modua partekatzen dute, bai eta genero-ikuspegia sortu eta txertatu beharra ere. Agur eta dolore, Matriuska eta orain Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi dira elkarrekin sortu dituzten obrak. Ez da Donostia Kulturak saritzen dituen lehen aldia. Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdian Sorkuntza Onenaren Saria lortu zuten Matriuska-rengatik.
Epaimahaiak balio handia eman dio sorkuntza propioa izan delako. Haiek sortu dute testua, eta testuaren taularatzea zuzendu eta antzeztu dute. Gainera, antzezlana egitera eraman ditizten galderek, eztabaidel eta hausnarketek agertokian indar handia dutela nabarmendu du. Antzezleen lana ere goraipatu du epaimahaiak: “Antzezleek indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute lana. Euren arteko konplizitatea ere nabarmendu du. Antzezlanak publikoa bereganatzea lortu duela uste du, ikusleekin harreman zuzena eta gertukoa sortuz, eta horrek giro goxoa eta atsegina sortzen duela antzokian.
Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi hutsetik hasitako sormen prozesu bat izan dela azaldu dute hiru aktoreek. Oso pozik agertu dira sariarengatik, iragarri dute saria dela eta bi urte barru berriz antzezlan berri batekin itzuliko direla. Sorkuntza kolektiboa izan dela kontatu dute. Azpeitiko Kulturaz Kultur Kooperatibaren laguntzari esker abiatu ahal izan zuten proiektua Dinamoa sormen gunean.
Netflix plataforman entzutetsu egin zen Bridgerton telesaila izan du hirukoteak obra sortzeko inspirazio iturri. Gaztañagak azaldu du gizon zurien esku dagoela munduan egiten den fikzioaren %92. “Inoiz galdetu al diozu zeure buruari, noren esku dagoen zure iruditeriaren eraikuntza? Zein pentsamendu saltzen dira fikzioaren izenean? Eta zelako eragina dute horiek egunerokoan?” Bada, galdera horiek egin dituzte antzezlanean, ikuspegi komiko batetik.
Lan gehiago ere prestatzen ari dira. Kaleko antzerkia egin nahi dute euskaraz, eta udan Troya izeneko obra estreinatu nahi dute.