'La SAPA de los Aperribay' liburuaren irakurketa publikoa egingo dute Kaxildan
Euskal Herriko talde antimilitaristek elkarlanean argitaratu zuten iaz La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí liburua, Aperribai familiak –Realeko presidente Jokin Aperribai tartean– armagintzarekin duen historia kontatzen eta salatzen duena. Amarako Kaxilda liburu dendan aurkeztu zuten iazko maiatzean, eta liburuaren irakurketa publiko bat antolatu dute orain Kaxildan bertan. Liburu dendak eta antimilitaristek antolatu dute ekitaldia, eta nabarmendu dute 2022an Kaxildan gehien saldu den liburuetako bat dela.
Asteazkenean izango da irakurketa, hilaren 22an, 18:30etik 20:30era. “Liburua irakurri duten eta oraindik irakurri ez duten pertsonentzako saio ireki batean, euskal armagintzaren gakoei buruzko iritziak partekatu, eztabaidatu, zalantzak argitu eta galderak egin ahal izango ditugu, eta industria belikoari eusten dioten lotura politiko eta enpresarialei buruz ere hitz egingo dugu, baita gerra ekoizpena ekoizpen zibil bihurtzeko aukerari buruz hausnartu ere”, azaldu du Kaxildak bere webgunean. Bestalde, Gasteizkoak elkarteko kideek dinamizatuko dute saioa.