Zientzialari ezagunak gaurkotasunezko gaien inguruan
ZientziaKutxa hitzaldiak egingo dituzte Tabakaleran, Donostia International Physics Centerek eta Kutxa Fundazioak antolatuta. Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoan izango dira saioak, 18:00etan, gaurkotasun zientifikoa edo interes soziala duten gaiei buruzko dibulgazio-hitzaldiak eskaintzeko. Hitzaldiak doakoak dira, ez dago izena eman beharrik eta herritar guztiei irekita daude; streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira.
Juana Vegas geologoa otsailaren 24an izango da Donostian, eta gaztelaniaz ariko da sumendien inguruan: Volcanes que cambian la vida izenburua duen saioan. Vegas Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME) Ondare eta Geoaniztasun ikerketa-taldeko koordinatzailea da. 2021ean La Palma uharteko sumendiaren erupzioaren larrialdi-taldean parte hartu zuen, eta egun, berreskuratze-fasean lanean dihardu hainbat ikerketa-proiekturekin. Hitzaldiaren helburua sumendi aktiboekin bizitzeak duen garrantzia erakustea eta haren prozesuak eta denborak ulertzea izango da, XXI. mendean sumendi leku diren lurraldeen ekonomia eta gizartea berreskuratzeko.
Jose Ramon Alonso neurobiologoak Entrevista con el vampiro neurociencia hitzaldia emango du gaztelaniaz, martxoaren 10ean. Salamancako Unibertsitateko katedraduna eta Gaztela eta Leongo Neurotzientzien Institutuko ikertzaile nagusia da Alonso. Banpiro batekin hitz egin ahal izango bagenu, seguru asko gure garunarekin zerikusia duten gaiez arituko litzaiguke: hilezkortasunaren nahia, desberdinak eragiten digun erakarpen eta higuina, gaixotasunak eragindako estutasuna, sedukzioa eta maitasuna, edota odolaren indarra deritzogun hori. Alonso dibulgatzaile emankorra da, eta 50 liburutik gora argitaratu ditu. Neurozientziari buruzko bere blogak (jralonso.es) milioika bisita jasotzen ditu urtean, eta erreferentzia da gaztelaniadun komunitatearentzat depresioari eta autismoari dagokienez.
Eta maiatzaren 12an klima aldaketaren inguruan ariko da Elisa Sainz de Murieta, euskaraz. Elisa Sainz de Murieta UPV/EHUko irakaslearen eta BC3 Basque Centre For Climate Change ikerketa zentroko ikertzailearen eskutik: Klima-aldaketa: guztioi dagokigun larrialdia? Industria-iraultzaren aurreko garaietatik berotegi-efektua eragiten duten gas ugari isuri ditugu atmosferara, eta horrek tenperatura globalaren edota itsas mailaren igoera eragin ditu. Aldaketa horiek guztiek eragina dute gizartean, ekonomian eta ingurumenean. Baina, klima-aldaketa guztioi dagokigun larrialdia al da? Hitzaldi honen helburua galdera horri zientziaren ikuspegitik erantzutea da. Horretarako, arazoaren jatorria eta orain arte izandako aldaketak aztertuko dira, etorkizunean gerta daitezkeen agertokiak uztartuko dira eta inpaktuei aurre egiteko aukera batzuk aurkeztuko dira.