Abortatzeko eskubidearen aurkako kanpaina hasi du talde ultra katoliko batek
40 días por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) lelopean haurdunaldia eteten duten zentroen inguruan kanpaina egiten hasi dira gaur, garizumarekin batera. Donostian ez ezik, Euskal Herrian eta Espainiako hainbat hiritan ere abortuaren aurkako “bijiliak” egiteko deia egin dute gaurtik hasita apirilaren 2a arte. Orain arte, urtero elkartu izan dira Askabide klinikaren aurrean, eta urteak dira Askabidek jazarpena pairatzen duela. Ordea, Abortuaren lege berrituaren ondorioz, debekatuta dago klinika hauetako langileak eta kliniketara doazen emakumeei jazartzea. Legeak behartzen die gutxienez ehun metrora egitea protesta. Eta, oraingoan, talde ultra katolikokoak ez dira Askabideren aurrean geratu; Easo kalean agertu dira bi kide, abortatzeko eskubidearen aurkako mezuekin, eta hutsik dagoen La Caixaren bulegoaren ondoan geratu dira.
Iazko apirilean, Donostian, mobilizazio indartsua izan zen talde ultrakatolikoak eta eskuin muturreko hainbat taldek egindako elkarretaratzeen aurka. Izan ere, Askabideren aurrean protestek eta mehatxuek urteak daramatzaten arren, azken mobilizazioan aldaketa bat izan dela nabaritu zuten Amarako bizilagunek. ‘Rezar no es delito’ delako elkartea da antolatzailea, baina honen atzean eskuin muturraren eskua ikus daiteke: Enraizados, Hazte Oir, Vox eta eskuin muturreko bestelako elkarteen babesarekin. Abortua aitzakia gisa erabiltzen ari dira Donostian, zarata egin eta euren gorroto mezuak zabaltzeko.