Donostian 1.552 trafiko istripu gertatu ziren 2022an
Donostiako Udalak iazko trafiko istripuen berri eman du gaur goizean. Martin Ibabe Herri Segurtasuneko zinegotziak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eman dituzte datuak. 2022an 1.552 trafiko istripu gertatu ziren Donostian; iaz baino %3,32 gehiago, baina 2019an baino %1,9 gutxiago.
Kontuan hartu behar da, 2019a pandemiak eragindako mugikortasun murrizketarik gabeko azken urtea izan zela. Era berean, gutxi gorabehera istripuen ia erdia (832) zauriturik gabekoak izan ziren, eta guztira bi pertsona hil ziren, 2021ean baino bat gutxiago eta 2019an baino bi gutxiago. Ibabek nabarmendu du autoak (1.329 inplikatu) eta motorrak (537) izan direla gertatutako istripuen sortzaileak. Kasu gehienetan istripuen arrazoia distrazioa eta zirkulazio arauen urraketak izan dira.
Hirugarren urtez, istripuen gaineko estatistikak urte osoko Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (Patinete Elektrikoen) datuak jasotzen ditu. Horren harian, Aranak azaldu du ibilgailu mota horiek 2022ean 71 istriputan egon zirela inplikatuak; hau da, iaz baino 27 gehiago. Gainera, Aranak esan du bizikletak direla istripuetan gehien inplikatuta egon den hirugarren ibilgailu mota. 2022an 228 bizikleta egon ziren inplikatuta istripuren batean, 2021ean baino bi gutxiago.
Istripuen ia erdia zauriturik gabekoak
Donostiako 2022ko trafiko istripuen estatistikak erakusten du istripuen %53,6 zauriturik gabekoak izan zirela, eta gainerakoetan izandako zaurituen kopurua (968) iaz baino handiagoa izan zela (881). 968 zauritu horietatik 914 arinak izan ziren, 52 larriak, eta bi hildako egon ziren. Hildakoen kopurua iaz baino bat txikiagoa izan da, eta 2019an baino bi gutxiago. Hildakoak motor gidari bat eta emakume bat kotxe batek harrapatuta izan ziren.
Harrapatze kopurua handitu da
Donostian 2022an 109 harrapatze gertatu ziren, iaz baino 14 gehiago. 99 pertsonak zauri arinak izan zituzten, 9 zauri larriak eta hildako bat egon ziren. Eta horietatik 85 oinezkoak ziren. Istripuetan gertatzen den moduan, autoak dira harrapatze kasu gehienetan inplikatuak dauden ibilgailuak (50), eta jarrian motorrak daude (15). Hirugarren ibilgailu mota bizikletak dira (13), 2021an baino zazpi bizikleta gehiago inplikatuak egon dira harrapatzeetan.