Osteguneko ekitaldi ultraeskuindarraren aurka mobilizatzera deitu du Jarki erakundeak
Bihar, hilaren 23an, Alvaro Romero frankista, Jesus Longueira Espainiako Poliziako agente ultraeskuindarra eta Martin Saenz de Ynestrillas enpresari ultraeskuindarra Donostian egongo dira, “ETAren biktimen omenezko lore eskaintza” bat egingo baitute Alderdi Ederren, 17:00etan. Horri aurre egiteko, elkarretaratzera deitu du Jarki antolakundeak, Faxismoaren aurrean Euskal Herri langilea antolatu! lelopean. 17:00etan egingo dute mobilizazioa, Alderdi Ederren bertan.
Gogoratu behar da aipatu hiru ultraeskuindarrak ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkeztekoak zirela Erdialdeko Club Cantabrico elkarte baztertzailean, baina, azkenean, Bilboko Ercilla hotelera lekualdatu dutela aurkezpena, Donostiakoa “lore eskaintza” batean utziz. Hain zuzen ere, Ercilla hotelaren aurrean elkarretaratzera ere deitu du Jarkik, bihar bertan, 19:45ean. Izan ere, 20:00etan izango da aurkezpena.
SND argitaletxe frankistak argitaratu du liburua, eta Longueirak idatzi du, editore lanak egin ditu Romerok eta Ynestrillasek idatzi du hitzaurrea. Falangista ezaguna da Martin Saenz de Ynestrillas, besteak beste, Falange Espainola alderdi ultraeskuindarraren eta ADÑ koalizio ultraeskuindarraren hautagaia izan baita. Halaber, sendi ultraeskuindar ezaguna dira Ynestrillastarrak, Martinen herenaitonatik hasita.