Ategorrietako Maria del Carmen etxeko elementu babestu batzuk bota dituztela salatu du Ancorak
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Ategorrietako Galtzada Zaharreko Maria del Carmen etxeko babestutako zenbait elementu bota egin dituzte. Gogorarazi dute etxea babestuta dagoela Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian (HOBPB), D graduarekin. Hau da, kanpoaldeko parte guztiak mantendu behar direla dio Ancorak, “arreta berezia jarriz fatxadako estalkiari eta bilbadurei, elementu iraunkorrak baitira”.
Elkarteak azaldu duenez, Lurain XXI Promocion Inmobiliaria S.L. enpresak eraikinaren inguruko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen 2021eko abenduan, han sei etxebizitza eta euren garajeak eta bestelako elementuak eraikitzeko helburuarekin. “Proposamen horren bidez, babestutako eraikin historikoa birgaitu nahi zuten. Eraikin hori bi zatitan banatuta zegoen, eta lau etxebizitzako bloke berri bat eraiki nahi zen; bloke horrek lorategiaren azalera osoa hartuko zuen”, gehitu du Ancorak.
Halaber, azaldu dute eraikuntza arloko eta HOBPB-aren udal arkitektoak oniritzia eman ziola proiektuari, eta enpresak lanetarako lizentzia lortu zuela iazko irailean. Deitoratu dutenez, ordutik, “bizilagunek kezkaz ikusi dute nola desagertzen zen jabetzaren aurreko itxitura eta nola mozten zen lorategi historiko osoa; magnolioek, palmondoek, tamarindoek, limoiondoek eta Virginiako tulipan landare ale bikain batek osatzen zuten”.
Hala ere, salatu dutenez, kezka areagotu egin da etxearen esku hartzea hastean, etxearen azken solairua eta estalkia “suntsitu” baitituzte, “lorategira jaisteko eskailera kenduz eta babestutako multzoaren beste elementu batzuk kaltetuz, hala nola, barandak eta aurreko hastiala”. Hain zuzen ere, Ancorak dio espediente administratiboa kontsultatu ahal izan duela, eta egiaztatu ahal izan dutela teknikariak “hainbat lan ilegal” baimendu dituela.
Horrela, Ancorak “oso larritzat” jo du babestutako elementuak bota izana, “are gehiago etorkizunean tokiko ondarearen batzorde aholkulariko parte izango den udal teknikariak baimendu dituenean”. Elkarteak gertatutakoaren salaketa aurkeztu du udalean, eta lanak gelditzeko eskatu du, botatako elementu babestuak lehengoratu ditzatela eskatzearekin batera.