Harrera Sareak 254 lagun artatu zituen 2022ko azken hiruhilekoan
Hiritarron Harrera Sareak jakinarazi du 254 pertsona artatu zituela iazko azken hiruhilekoan, bere arropategiaren bidez. Herritarrek egiten dituzten ekarpenekin hornitzen dute arropategia, eta beharra duten pertsonen artean banatzen dute materiala.
Zehazki, honako material hau banatu zuten 2022ko azken hiru hilabeteetan: 146 kamiseta, 80 zaku edo manta, 133 galtza luze, hamar kirol jertse, 114 oinetako, 165 barruko arropa ale, 24 alkandora, 145 jertse, 38 txandal, 89 txamarra, 26 motxila, poltsa eta maleta, neguko 70 osagarri (txanoak, eskularruak eta bufandak), hogei txankleta, oherako materialaren hamar multzo (izarak, edredoiak, eta abar) eta zortzi toalla.
Harrera Sarekoak oso eskertuta agertu dira ekarpenak egin dituzten herritarrekin eta deialdiak zabaldu dituztenekin, eta nabarmendu dute sareak Donostiako Gizarte Kontseiluaren I. Saria jaso izana, hein handi batean, herritarrek egindako ekarpenei eta herritarren parte hartzeari esker izan dela.
Horrez gain, azaldu dute materiala eskatzen jarraituko dutela, “azkar agortzen baita”. Halaber, gogorarazi dute pertsona zaurgarrientzako barruko arropa ezin dutela ekarpenen bidez banatu, eta, beraz, erosi egin behar dutela. Horregatik, ekarpen ekonomikoak ere egin daitezke, kontu korronte honetan: ES44 2095 5013 7091 1957 7666.