Ultraeskuindarren ekitaldiaren aurkako elkarretaratzea egin dute
Jarki antolakundeak deituta, hainbat gazte Faxismoaren aurrean Euskal Herri langilea antolatu! lelopean Alderdi Ederren elkarretaratu dira arratsaldean, han egin duten ekitaldi ultraeskuindarrari aurre egiteko. Izan ere, ultraeskuindar gutxi batzuk –hamar baino gutxiago, elkarretaratzean parte hartu duen gazte batek azaldu duenez– Alderdi Ederrera joan dira 17:00etan, euren deialdiak zioenez, “ETAren biktimen omenezko lore eskaintza” bat egitera. Tartean, Martin Saenz de Ynestrillas falangista ezaguna zen etortzekoa, Alvaro Romero frankistarekin eta Jesus Longueira Espainiako Poliziako agente ultraeskuindarrarekin batera. Udalak “probokaziotzat” jo zuen ekitaldia asteartean. EH Bilduk aurkeztu zuen bozeramaileen batzordean, eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten, PPk izan ezik; kontrako botoa eman zuen.
Ertzaintza ere bertaratu da hainbat furgonetarekin, eta Alderdi Eder zintaz hesitu dute, elkarretaratze antifaxista eta ekitaldi ultraeskuindarra bananduta mantentzeko. Ertzainak istiluetarako materialarekin jarri dira gazteen aurrean, eta elkarretaratzearen hasieran tentsio une batzuk izan dira polizien eta antifaxisten artean. Hain zuzen ere, aldarri antifaxistak oihukatzen ari ziren gazteak ertzainen aurrean, eta agenteek euren aurka jo dute, modu bortitzean. Hala ere, ez da istilu nabarmenik gertatu, eta ultraeskuindarrak joan direnean, ertzainak ere joan dira.
Gogoratu behar da aipatu hiru ultraeskuindarrak ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkeztekoak zirela Erdialdeko Club Cantabrico elkarte baztertzailean, baina “jasotako mehatxuengatik”, azkenean, Bilboko Ercilla hotelera lekualdatu zutela aurkezpena, Donostiakoa “lore eskaintza” batean utziz.
Jarki Bilbon ere elkarretaratzea egitekoa zen, iluntzean. Ordea, aurkezpena Leioako NH hotelera lekualdatu dutela iragarri dute duela ordu batzuk, eta elkarretaratzea ere han egitekoak ziren. Aldiz, Jardun koordinakundeak berriki jakinarazi duenez, “faxistek ez dute euren aurkezpena burutzeko lekurik lortu”, eta elkarretaratzea ere bertan behera utzi dute.
Liburuari dagokionez, SND argitaletxe frankistak argitaratu du. Longueirak idatzi du, editore lanak egin ditu Romerok eta Ynestrillasek idatzi du hitzaurrea. Falangista ezaguna da Ynestrillas, besteak beste, Falange Espainola alderdi ultraeskuindarraren eta ADÑ koalizio ultraeskuindarraren hautagaia izan baita. Halaber, sendi ultraeskuindar ezaguna dira Ynestrillastarrak, Martinen herenaitonatik hasita. Martinen aita Ricardo Saenz de Ynestrillas Martinez, esaterako, Espainiako Legioan aritu zen, besteak beste, eta Espainiako Gobernuaren aurkako konspirazioan aritu zen hainbatetan. Hain zuzen ere, Operacion Galaxia estatu kolpe saiakeran parte hartu zuen 1978an, Antonio Tejerorekin batera. Gerora, Tejerok eman zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe ospetsua –gaur ere otsailak 23 da–. Ricardo Saenz de Ynestrillas Martinez 1986an hil zuen ETAk.