6.000 emakumek hartuko dute parte Lilatoian
Beste behin ere, Lilatoia emakumeen herri lasterketak Donostiako kaleak beteko ditu aurten ere, martxoaren 5ean. 33.a izango da aurtengoa, eta ostiral goizean udaletxean egin duten aurkezpenean nabarmendu dute pandemiaren aurreko parte hartzaile kopurua berreskuratu dutela: “Atzo itxi genuen izen ematea, eta 6.000 emakume inguruko hartuko dute parte. Pandemiaren aurreko urtean kopuru horretan mugitzen ari ginen, eta orain lortu dugu gure mugara iristea. Izan ere, kopuru horretatik gora, ezingo genuke denon segurtasuna bermatu”, azaldu du Ander Eizagirrek, Donostiako Atleticoko kudeatzaileak.
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Goizane Alvarezek eta Laboral Kutxako Arantxa Olaizolak ere hitza hartu dute aurkezpenean, eta denek nabarmendu dute Lilatoia “kirol proba bat baino askoz gehiago” dela, “gizarte berdinzaleago eta feministago bat lortzeko aldarrikapenerako espazio bat” ere badelako. Halaber, Alvarezek gaineratu du proba aproposa dela “oso aktiboak ez diren emakumeak kirolaren munduan murgiltzeko, lagun edo familia artean egin daitekeelako”.
Zumba, Lila potea eta beste
Azken urteotan egin duten moduan, goizean goizetik hasiko dira Lilatoirako berotzen, 09:40ean hasiko baitira zumba beroketa saioarekin, Bulebarrean. Handik ordubete ingurura hasiko da proba bera, 10:25ean abiatuko baitira esku bizikleta modalitateko parte hartzaileak, eta 10:30ean gainerakoak. Ohiko legez, bost kilometro izango ditu ibilbideak, eta 11:30ean egingo dute sari banaketa, udaletxeko balkoian, Emakumeen Etxeko batukadak girotuta. 14-25 urte artekoentzat (juniorrak) sari batzuk banatuko dituzte, 26-45 urte artekoentzat (seniorrak) beste batzuk, 46-59 urte artekoentzat (beteranoak) beste batzuk eta 60 urtetik gorakoentzat (+60 kategoriakoak) beste batzuk. Halaber, hiru talde jendetsuenek saria izango dute. Aurten, urteroko legez, HITZA taldea ere aterako da.
Bestalde, Eizagirrek nabarmendu du Lila potea berreskuratu dutela, probaren ondoren ere giroa egon dadin Parte Zaharrean. Ordizi (12:30), Erniope (13:15), Basati (14:00), Herria (14:45) eta Aurresku (15:30) tabernetan egingo dute poteoa, trikitilariek girotuta.
Horrez gain, dutxa eta kontsigna zerbitzuak eskainiko dituzte. Dutxak Paco Yoldi kiroldegian eta Anoetako belodromoan egongo dira erabilgarri, eta kontsignak Gipuzkoa plazan, 09:00etatik 12:00etara. Informazio guztia Lilatoiaren webgunean kontsultatu daiteke.
Euro solidarioa
Aurten ere euro solidarioa izango dute, hau da, izen emate bakoitzetik, euro bat egitasmo solidario batera bideratuko dute. Olaizolak azaldu duenez, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarentzako izango da aurtengo euro solidarioa. “Euren lana kiroletik harago doa, eta kirolariak leku batetik bestera eramateko ibilgailu berri bat erosi ahal izatea da helburua, daukatena oso zaharra baita dagoeneko”, esan du Laboral Kutxakoak.
Lilatoia “osasuntsu” dago
Errekor kopuruetara itzulita, proba “osasuntsu” dagoela nabarmendu du Eizagirrek. Izan ere, gogorarazi du “150 parte hartzailerekin” hasi zela Lilatoia.
1989an egin zuten estreinakoz, baina orduan ez zuen Donostiako Atleticok antolatzen, klubak zortzi urte baitaramatza Lilatoia kudeatzen. Hain zuzen ere, mugimendu feministatik sortu zen Lilatoia, besteak beste, Emakumeen Etxeko kide Nati Ruforen eta Asun Urbietaren eskutik. Lilatoiak 30 urte bete zituenean, 2019an, hedabide honek beraiekin errepasatu zuen herri lasterketaren historia, eta argazki historiakoak ere bildu zituen. Bestalde, iazko Lilatoiko irudiak hemen ikus ditzakezue.