Hizkuntzen eta lanaren bidez Pakistan eta Donostia lotzen
2013an iritsi zen Raja Sohail Shabbir pakistandarra (Gujrat, 1982) Euskal Herrira, eta handik gutxira etorri zen Donostiara bizitzera. Egian bizi da gaur egun, baina han eta hemen dabil. Itzultzaile lanak egiten ditu gaztelania ez dakiten pertsona etorkinekin ospitaleetan, eskoletan, komisarietan eta epaitegietan, besteak beste. Halaber, hainbat negozio ditu, eta Apnagar elkarteko burua eta sortzailea da.
Trintxerpeko La Bodeguilla tabernan sartu, eta, «Patxirekin gelditu zarete, ezta?», dio zerbitzariak. Atera da «Patxi», eta hortxe azalpena, barre artean: «Denek Patxi deitzen naute, bai. Guretzat Francisco edo Alejandroren moduko izen luzeak ahoskatzea zaila den moduan, zuentzat zaila izaten da nire izena ahoskatzea, eta, horregatik, Patxi deitzen naute. Gutxik dakite nire benetako izena». Dioenez, Euskal Herrira iritsi zenean egin zuen lehenengo lagunetako batengatik jarri zioten ezizena: «Oso pertsona ona zen, eta oso harreman ona genuen. Hil zenean, berarengatik hasi zitzaizkidan Patxi deitzen».
Raja Sohail Shabbir da bere benetako izena, eta Pakistango Punjab eskualdean jaio zen, Gujrat hirian. La Bodeguillan egin dugu hitzordua, bera baita tabernako arduraduna, baina ez da bere negozio bakarra: «Bi elikagai denda ere baditut; bat Errenterian eta bestea Donostiako Easo kalean».
Tabernak berak ere istorio berezia du, guztira 43 urte baitaramatza irekita: «Hemengo bikote batena zen lehen, eta senar-emazte horiek izan ziren hona iritsi nintzenean ezagutu nituen lehenengo pertsonak. Iristean, oso gaizki nengoen fisikoki zein mentalki, eta Donostiako ospitalean sartu ninduten; hain zuzen, nire gelakidea zen gizona. Nik ez nuen gaztelania ezagutzen eta ezin nien kontatu gertatzen zitzaidana, baina horrela ere asko lagundu ninduten. Gizona hilda dago dagoeneko, eta emakumea erretiratu zenean, tabernarekin jarraitzeko proposatu zidan. Gaur egun, familia horren parte izaten jarraitzen dut, eta oso eskertuta nago beraiekin».
Denbora gehiena, itzultzaile lanetan
Hiru negozio baditu ere, Seprotec enpresarako itzultzaile modura egiten duena da bere jardun nagusia: «Establezimenduetara tarteka joaten naiz, eta pare bat orduz lanean gelditu banaiteke, gelditzen naiz; baina, langileak ditut kontratatuta».
Azaldu duenez, besteak beste, eskoletan, ospitaleetan, komisarietan eta epaitegietan egiten du lan itzultzaile gisa. Izan ere, pertsona migranteek itzulpen zerbitzuen behar handia izaten dutela nabarmendu du: «Iritsi nintzenean, ez nuen gaztelaniaz hitz egiten, eta beraz, ezin nuen nire istorioa kontatu, ez ezer. Horrela, asilo politikoa eskatzera joan nintzen Donostiako komisaria batera, eta hamabost egun pasatu behar izan nituen Bilbotik etorri behar zuen itzultzaile baten zain. Denbora horretan, Intxaurrondoko aterpetxe batean bizitzen egon nintzen».
Sohailek hizkuntza ugari ezagutzen ditu: gaztelania, ingelesa, urdua, hindia eta punjabera. Urdua eta ingelesa Pakistango hizkuntza ofizialak dira, eta punjabera herrialdean gehien hitz egiten den hizkuntzen artean dago. Hindiari dagokionez, Sohailek azaldu duenez, «hainbat herrialdetako herritarrekin hitz egiteko balio du». Bestalde, keinu hizkuntza ere ezagutzen du, eta frantsesa eta euskara ere ikasten ari da.
Donostian zein hiritik kanpo egiten ditu itzultzaile lanak: «Behar dutenean deitzen naute». Eta, bere itzulpen zerbitzua erabiltzen dutenek askotariko beharrak izaten dituztela kontatu du: «Espediente penalak daude, tratu txarrekin lotutakoak, asilo politikoa eskatzen duten pertsonak, espediente sozialak, eta denetarik». «Lan on bat da, baina baita ardura handikoa ere. Izan ere, garrantzitsua da itzulpenak ondo egitea. Pertsona batek dioena itzultzen ari banaiz eta hitz bat aldatzen badut, agian dioenaren esanahaia guztia aldatzen dut, eta horrek eragina du pertsonarengan. Hala ere, jendaurreko lana gustatzen zait, eta egunero pertsona desberdinak ezagutzea ere», gaineratu du.
Apnagar elkartea
Itzultzaile lanak egiten joan ahala, konturatu zen pertsona migranteek «erosoago sentiarazteko plataforma baten beharra» zutela: «Hemengo elkarteak ondo ari dira lan egiten, baina gure beharrak askoz hobeto ezagutzen ditugu guk geuk, noski. Kulturarengatik, hizkuntzarengatik, eta abar». Horrela, 2019an Apnagar elkartea sortu zuen, tratu txarren eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak, errefuxiatuak eta migranteak lege, lan eta gizarte integrazioan laguntzeko helburuarekin. Tabakaleran dago Apnagar elkartearen egoitza, eta Sohailen arabera, «400 bat elkartekide» dituzte.
Batez ere, aholkularitza lanak egiten dituzte, baina ez soilik: «Oso kultura desberdina daukagunez ez dugu txerrikirik jaten eta ez dugu alkoholik edaten, besteak beste, egoera deserosoak gertatzen dira zenbaitetan. Horregatik, arlo horretan ere laguntzen saiatzen gara».
Halaber, pandemian, familia zaurgarriak laguntzen ere aritu ziren elkartetik: «800 familia ingururentzako otorduak banatzen aritu ginen. Gure komunitateko kide gehienek saltokiak dituzte (elikagai dendak, fruta dendak, mugikorrenak…), eta bakoitzak ahal zuena ematen zuen: batzuek elikagaiak, beste batzuek frutak, beste batzuek dirua eta beste batzuek euren denbora librea».
Horrez gain, hilero hainbat egitasmo antolatzen dituzte: «Normalean, hilean bitan antolatzen ditugu jarduerak. Esaterako, laster ramadana hasiko da, eta afariak eskainiko ditugu. Baina, ez soilik jatorri etorkineko herritarrentzat, edonorentzat».
Boluntario lanak
Iritsi zenean, boluntario lanak egiten hasi zen Sohail: «Hasieratik, 2016ko Kultur Hiriburutzaren programan sartu nintzen boluntario gisa, eta Gurutze Gorriarekin ere aritu izan naiz, besteak beste». Hain zuzen ere, Gurutze Gorriaren bidez lortu zuen itzultzaile lana.
«Ahal izan dudan guztia egin dut beti», gehitu du Sohailek, izan ere, «atzerritik bizimodu hobe baten bila» datozenek, ez daukate «lan asko egitea ez den beste irtenbiderik»: «Hamasei edo hamazazpi ordu egiten ditut lan egunean, oso gogor». Hain justu, horregatik ezin izan du egin bizimodua auzoan: «Denbora askorik ez daukadanez ez dut auzoko bizitza asko ezagutzen. Hala ere, pixkanaka ezagutzen ari naiz, auzoa ezagutzeko jarduera batzuk garatu ditugulako, eta abar».
Donostian jatorri pakistandarra duten 236 herritar daude gaur egun, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) azken errolda datuen arabera. Gipuzkoako herritar pakistandar guztien (2.492) ia %10 dira Donostian bizi direnak, beraz. Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 6.599 pertsona daude pakistandar jatorrikoak.
Sohailek dioenez, duela urte batzuk komunitatea handiagoa zen: «Lehen, Azpeitian eta Azkoitian herritar pakistandar asko zeuden, baina orain gutxiago daude, bakoitzak bere egoeraren arabera aldatu duelako bizilekua». Hain zuzen ere, Azpeitia izan zen bere lehenengo bizilekua Euskal Herrian.
Musulmanentzat erosoago
Islama da Pakistango erlijio nagusia, eta Sohailek dioenez, musulmanentzat erosoagoa da Espainiako Estatuan bizitzea, Europako beste estatuetan baino: «Espainiak iragan musulman bat duenez, guretzat errazagoa da hemen bizitzea. Errazago egokitzen gara kulturara, eta guretzat errazagoa da gaztelania ikastea, Europako beste hizkuntza batzuk baino. Hain zuzen ere, hemen lau bat hilabete neramatzanean, dagoeneko dezente hitz egiteko gai nintzen». Hala ere, ikasketak ez ditu bukatutzat eman: «Hizkuntza eta kultura ikasten jarraitzen dut, gustatzen zaidalako ikastea. Eta, euskararekin ere pixkanaka noa!».
Hasieran, kultur talka «handia» izan zela dio Sohailek: «Ez nuen hizkuntza ezagutzen, ez nekien nora jo behar nuen… Eta, lehenengo urteak zailak dira, lan egin behar baituzu bizileku baimena eta halako agiriak lortzeko; zuentzat, plastikozko txartelak baino ez dira izango, baina guretzat bizitza txartelak dira». Hala ere, jendeak hasieratik lagundu zuela nabarmendu du: «Euskadirekin zorte handia izan dut; zerbait ondo egin dut bizitzan, jainkoak Euskadira ekarri nauelako, hemengo jendeak asko laguntzen baitzaitu, ulertzen zaitu. Jende txarra ere badago, noski, leku guztietan bezala, baina nik ezagutu dudan jendearen %96-%97 ona izan da».