Tradizioari eutsiz, erromeria egingo dute Aingeru Zaindariaren ermitan
Ibaetako jai batzordeak uste du gutxienez ehun urte dituela martxoaren 1ean egin ohi den ospakizunak. Bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute erromeria. Asteazkenean hasiko dira Ibaetako jaiak; guztira sei eguneko egitaraua osatu dute.
Oraindik ez dute lortu zehatz-mehatz jakitea noiztik egiten den erromeria Aingeru Zaindariaren ermitan, baina ziur daude gutxienez ehun urte izango dituela Ibaetako jaietako ospakizunak. Trikitixaren erritmoan dantza eginez eta garaian garaiko bertsolarien hitzak entzunez ospatu dute beti, ohitura sendoa baita erromeriarena.
Azken hogei urtean Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek parte hartu dute, hutsik egin gabe. Andoni Egaña eta Sebastian Lizasok urte gehiago daramate, eta Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze ere izan dira bietako batek batek huts egin duenean. Eta aurretik beste hainbat: Uztapide, Lazkao Txiki, Basarri… Erromerian beti izan dira trikitilariak eta bertsolariak.
Aurtengo erromerian ere tradizioari eutsiko diote, eta, ohi bezala, meza egingo dute ermitan, salda emango dute eguerdian, eta Estanga trikitilariak hasiko dira festa alaitzen. Añorgako Amassorrain ikastolako ikasleek soka dantza egingo dute, eta handik gutxira elkartuko da ohiko laukotea: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Gaztelumendi anaiak igoko dira ermitako plazatxoan jarri ohi duten agertokira. Erromeria bukatuta, arratsaldean triki bertso poteoa egingo dute auzoan Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendirekin. Ondoren, herri afaria egingo dute Aratz erretegian.
Asteazkeneko erromeriaren hurrengo egunean, Igarako Gross garagardotegian Ipaeta festa egingo dute 19:00etan. Eta hurrengo ostiral arratsaldean, martxoaren 3an, txaranga, buruhandiak eta txokolate jana izango dira Aitor Zabaleta plazan. Euria egiten badu, Ibaetako Lautximeneta frontoian egingo dituzte jarduerak.
Beranduago, gazteentzako playback dantzaokea egingo dute, 18:30ean. Eta jarraian aterako da txaranga ibiltaria auzoan zehar. Ondoren, bertso afaria izango da frontoian: Eli Pagola eta Maider Arregi ariko dira kantuan. Txartelak Aratz eta Platero tabernetan izango dira salgai (martxoaren 1a arte). Afaldu ondoren, guateke tropikala egingo dute, eta goizeko ordu txikietan, bizikleta gainean, zinta lasterketa egin beharko dute, «koxkortuentzako» proba dibertigarri bezain zaila.
Hurrengo larunbatean, martxoaren 4an, haurrentzako Zoro gaitezen ikuskizuna eskainiko dute Txirri, Mirri eta Txiribitonek, eguerdian. Arratsaldean haurrentzako jolas gehiago izango dira: lapikoak apurtzea, lokotx bilketa, arrautza lasterketa eta zinta lasterketa.
Kirola egin nahi dutenek ere izango dute euren lekua egitarauan, Aingeru Goardakora igoera egingo baitute 17:00etan. Lasterketak 6,1 km izango ditu, eta auzoko kaleetatik egingo dute korrika. Korrikalariek bi itzuli egin beharko dituzte, eta Aingeru Zaindariaren ermitara joateko aldapa igo.
Gauean herri danborrada aterako da auzoko kaleak alaitzera. Arrantzalez, jantzi zuriz eta baserritarrez jantzita aterako dira danborradako kideak. Auzoko elizaren behealdetik aterako dira 21:15ean.
Ondoren, frontoiak musika jaialdi ederra hartuko du. Olaia Inziarte pop abeslari nafarra, Lukiek rock taldea eta Indabe talde donostiarra ariko dira zuzenean.
Sagardo eta tortilla dastaketa
Igandean, martxoaren 5ean, dianarekin auzokoak esnatuko dituzte, eta jaiekin bat egitera animatuko dituzte. Toka eta bote txapelketa egingo dute 10:30ean eta eskolarteko haur krosa Errotaburun. Eguerdian patata tortilla lehiaketa egingo dute. Parte hartzaileek tortillak eraman beharko dituzte 12:15erako beranduenez. Ondoren, patata tortilla pintxo horiek dastatzeko aukera izango da. Eta baita sagardoa ere, hainbat sagardo mota izango baitira aukeran.
Arratsaldean herri kirolak izango dira, eta Elizagoien ahizpen erromeriarekin bukatuko dute igandea. Ibaetako jaietako azken eguna astelehena izango da, martxoaren 6a. Umeentzako eguna izango da, eta Aitor Zabaleta plazako feriak prezio erdian izango dituzte.
1940ko hamarkadan inguruko baserritarrek auzolanean gaur egungo ermita egin zuten. Ez dago ermitaren historiari buruzko dokumentu asko, baina jai batzordekoek Kutxaren Fototekan aurkitu dituzte 40ko hamarkadako erromeria baten irudiak.
Vicente Martin argazkilariarenak dira, eta irudietan ikus daiteke nola ospatzen zuten erromeria eguna. Familia batek euren autoaren aurrean egindako erretratu bat dago, jende andana ageri da jaiez gozatzen, trikitilariak ere ez dira falta, eta nabari da jai giroa dagoela Aingeru Zaindariaren ermitaren inguruan. Duela 80 urteko irudiak diren arren, esentzian ezer gutxi aldatu dira Ibaetako jaiak.