Lan baldintza duinak eskatu dituzte zaintzako eta garbiketako langileentzat
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak manifestazioak egin ditu gaur Donostian, Bilbon eta Iruñean. Zaintzako eta garbiketako langileen egoera salatu, eta denentzako kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak bermatzea eskatu dute. Donostiako martxan ehunka lagunek parte hartu dute.
Batzuen aberastasuna bermatzeko emakume langileen “muturreko esplotazioa” beharrezkoa dela salatu dute: “Soldata baxuak, gehiegizko ratioak, eskubide politikoen urraketa, ezegonkortasuna… Hau guztia administrazio publikoaren konplizitatearekin gauzatzen da, beraiek baitira enpresa hauek kontratatuz haien etekinak handitzen dituztenak”.
Sektoreko langileek borrokarako dituzten “oztopoen” aurrean, emakume langileen arteko “batasuna indartu” eta “instituzioetatik at” antolatzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. “Argi utzi nahi dugu zaintza eta garbiketa sektoreko lan baldintzak borrokatzeko dugun konpromisoa. Borroka horiek denon ongizatea bermatua izateko norabidean kokatzen ditugu”.