Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina babestu ez izana salatu du Ancorak
Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikinean gertatzen ari dena “hirigintzako ustelkeria” dela dio Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak. Izan ere, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak “behin eta berriz” eskatu duela eraikina babesteko, Eraikitako Hiri Ondarearen Babeserako Plan Berezian (EHOBPB) sartuz eta esku hartzeak soilik eraikina “sendotzeko edo zaharberritzeko” gomendatuz.
Halaber, Ancorak gogorarazi du eraikina Parte Zaharreko mugan dagoela, “trazadurak eta ondare arkitektonikoa zorrotz zaintzea” eskatzen duen eremu batean. Hain zuzen ere, irizpide hori aplikatuta, inguruko fatxada guztiak mantendu direla gaineratu du elkarteak, “salbuespenik gabe”. Horregatik, Ancorak “harrigarritzat” jo du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak “eraikina eraisteko baimena eman izana, udal arkitektoaren beraren txosten bati entzungor eginez”.
Elkarteak gehitu duenez, “Hirigintza Zuzendaritza bigarren txosten bat ezkutatzen saiatu da, non teknikari berak ez duen begi onez ikusten eraisteko asmoa, Viviendas Lanin S.L. sustatzaileak aurkeztua. Eraikinaren ordez, partxe historizista bat jarriko dute, beheko solairuko harrizko arku batzuk soilik mantenduko dituena.
XIX. mendeko eraikina
1889koa da Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina, eta Domingo Ezeiza lan maisuak egin zuen. Egurrezko egitura eta hareharrizko fatxada dauzka, eta eraiki zenean, harresi zaharra zuen oinarri, orduan oraindik ez baitzegoen eraitsita eremu horretan. Besteak beste, Rekalde taberna ezaguna zegoen eraikin horretan. Ancorak hainbatetan salatu duenez, Viviendas Lanin S.L. enpresak hormigoizko eraikin bat egin nahi du hor, gaur egungoak baino hiru solairu gehiago eta lur azpian hamabi aparkaleku plaza izango dituena.