Asteazkenera arte iraungo du elurragatik jarri duten abisu horiak
Asteazkenera arte luzatu du Segurtasun Sailak elurragatik atzotik indarrean dagoen abisu horia. Printzipioz, asteazkenean 09:00etan kenduko dute abisu hori, eta ordura arte, prezipitazioa ahulak eta ertainak espero dira.
Euskalmetek iragarri du gaur elur-kota 0-100 metrotan kokatuko dela, eta egunaren amaieran 100-200 metrora igoko dela. Egunaren erdiko orduetan elurra egingo du, intentsitate handiagoarekin.
Elur geruzak bi eta hamar zentimetro artekoak izango dira 1.000 metroko altueran, bat eta bost zentimetro artekoak 600 metroan eta zero eta bi zentimetrokoak 200 metroan.
Elurragatiko neguko bidezaintza plana aktibatuta
Euskal erakundeek neguko bidezaintza plana aktibatu dute astelehen honetan, “fase operatiboan”, eta elurra kentzeko makinak eta beste baliabide batzuk prest daude datozen orduetan elurrari aurre egiteko.
Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2022-2023 Neguko Bidezaintza Planak foru aldundietako eta autobideetako elurra kentzeko 205 makina eta puntu estrategikoetan kokatutako zazpi garabi astun aktibatzeko aukera jasotzen du, tona askoko ibilgailuak kentzeko balio dutenak.