Asteburu txarra talde donostiarrentzat
Asteburu benetan kaskarra izan da lehen mailako kirol talde donostiarrentzat, denek galdu egin baitituzte euren neurketak.
Futbolean, Realak denboraldiko partida txarrenetako bat egin zuen larunbatean Mestallan, eta 1-0 galdu zuen Valentziaren aurka. Zubeldiak 40. minutuan bere atean sartutako gola nahikoa izan zen valentziarrentzat, Imanol Alguacilen taldea ez baitzen gai izan markagailuari buelta emateko. Hirugarren postuan jarraitzen dute txuri-urdinek, baina gertu daukate orain Atletico Madril laugarren sailkatua.
Saskibaloian, Ibaeta Basket larunbatean ez zen gai izan garaipena etxean eskuratzeko, eta hautsi egin zuen bere garaipen bolada. Cadi La Seuren aurka jokatu zuten, eta 55-63 galdu zuten donostiarrek. Horrela, ligako hamabigarren postuan dago Azu Muguruzaren taldea.
Izotz hockeyan, gizonezkoen ligako azken partida jokatu zuen larunbatean Txuri Urdinek, eta modurik txarrenean itxi zuen txapelketa, etxean galdu egin baitzuen. Huarte talde nafarra gailendu zen, 4-5 irabazita; 1-1 amaitu zen lehenengo zatia, 2-0 bigarrena eta 1-4 hirugarrena. Horrela ere, bosgarren postuari eutsi diote donostiarrek.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – Huarte 5
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Ibaeta Basket 55 – Cadi La Seu 63
Futbola
Gizonezkoen liga, 23. jardunaldia
- Valentzia 1 – Reala 0