Parte Zaharreko auzo elkarteak azken sutearen arrazoiak argitzeko eskatu dio udalari
Juanito Kojua jatetxean pizturiko sutearen harira, oharra plazaratu du Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak. “Urduri eta kezkatuta” daudela jakinarazi dute. “Argitu behar da zer gertatu zen. Udalak ezin ditu begiak itxi, jarduerak antolatzeko, baimentzeko eta kontrolatzeko eskumenak gauzatzeko legezko betebeharra baitu. Ikerketa egin ondoren, emaitzen berri ematea eskatzen dugu”, adierazi dute.
Atzo pizturiko sutean ez da inor zauritu, baina gertaturikoa “larria” dela dio auzo elkarteak: “Gure auzoko etxebizitza askok zurezko egitura dute, eta haien etxepean 200 ostalaritza establezimendu daude, baita ostalaritza establezimenduek erosi dituzten eta biltegi gisa erabiltzen ari diren eta legeztatuta ez dauden etxabe ugari ere. Ba al daki udalak zer lokal diren, zer baldintzatan dauden lokal horiek, zer gordetzen den lokal horietan?”
Segurtasun baldintzei dagokienez, egiten den kontrola zalantzan jarri dute. “Hamabi sute zenbatu ditu elkarteak: Ganbara, Txuleta, Txalupa, Sirimiri, Atari, Portaletas (bi aldiz), Anbigu, Haizea, Tiburcio, La Colchoneria eta Astelena”, ohartarazi du auzo elkarteak.
Horiek horrela, udalari eskatu diote sutearen arrazoiak argitzea eta eraikinaren eta etxebizitzen egituran egindako kaltearen berri ematea. Era berean, suteak detektatzeko sistemak eta alarmak behar bezala funtzionatu duten jakin nahi dute, eta etxetik ateratako pertsonei zer nolako babes neurri ezarri dizkieten.