Podcastingaren inguruko Parentesi Festibala antolatu dute Donostian
Podcastingaren inguruko Parentesi Festibala antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak martxoaren 2tik 4ra. Parentesi Festibalak ingurune digitalean kultura transmititzeko eduki, kanal, plataforma, formatu eta moduen lagin bat biltzea du helburu, eta Podiumen (estatu mailako podcasting plataforma handienetako bat), eta EITBren kolaborazioa izango du.
Lehenengo edizio hau lelo honen inguruan eratu da: Muriel Rukeyzer idazlearen The speed of darkness liburuaren The world is made of stories, not atoms. Lelo hori baliatuz, jaialdiaren ideia da podcastinga balioestea pentsamendu kritikoa sustatzeko eta baliozko kontakizunak transmititzeko bitarteko gisa.
Parentesi Festibalak bere playlista du Spotify-n, eta irekita egongo da gaurtik edizio hau amaitu arte. Zerrendak aurten parte hartzen duten podcasten hainbat kapitulu biltzen ditu.
Festibala hainbat gairen inguruko mahai-inguruekin osatuko da. Mahai-inguru horietan hainbat podcasten jabeek hartuko dute parte, adibidez, Ainhoa Vitoria (Yoko Ona), Cristina Tapia (Harresi ikusezina), Iñigo Antsorregi (Korapiloak), Clara Tiscar i Castells (True Crime), Nuria Perez (Gabinete de curiosidades) eta Ines Hernand eta Nerea Perez (Saldremos Mejores). Gainera, martxoaren 3an, ostirala, Kursaalen Live Show bat ere eskainiko dute.
Horrez gain, Ondas 2023 sarietarako izendatuta dauden podcast sortzaileek ere parte hartuko dute Parentesi festibalean: Ulu Mediako Oier Aranzabalek, Artxipelagoa podcastagatik Soinu diseinu onena eta Podcast onena estatuko hizkuntza koofizialean sarietarako izendapena jaso du, eta Artsenico Caviarreko Beatriz Serranok eta Guillermo Alonsok, Elkarrizketa podcast onena sarirako hautagaitza.
Jorge Carrion, 2022an Solaris podcastagatik Ondas sariaren irabazle izan zena, Ecos podcast berriarekin izango da bertan, Ana Garriga eta Carmen Urbita, Hijas de Felipe arrakastatsuaren sortzaileez gain.
Lehen edizioko programa
Martxoaren 2a, osteguna (19:00)
Mahai-ingurua Retomando el sonido de la cultura de divugación, Ana Garriga eta Carmen Urbita (Hijas de Felipe), Clara Tiscar i Castells (True Crime) eta Nuria Pérezekin (Gabinete de curiosidades). Moderatzailea Ylenia Benito kazetaria izango da.
Martxoaren 3a, ostirala (19:00)
Euskalpodkastgintza, Ainhoa Vitoriak (Yoko Ona), Cristina Tapiak (Harresi ikusezina) eta Iñigo Antsorregik (Korapiloak) hartuko dute parte, eta Inés Azpiazu, Tobacco Days liburu dendaren zuzendari nagusi eta arduraduna izango da moderatzailea.
Martxoaren 4a, larunbata (12:00)
Análisis del presente y futuro del podcast hasiko da Jorge Carrión (Ecos), Inés Hernand eta Nerea Pérez (Saldremos Mejores) eta Oier Aranzabalekin (Ulu Media). Mahai-ingurua Maddalen Marzolek moderatuko du -Hunky Dory Laboratory egile lurrindegiaren eta kulturaren inguruko bestelako zentzumenen esperientzien laborategiaren bazkide sortzailea eta literaturari buruzko bideopodcasten egilea Instagramen-.
Arratsaldean (19:00), Actualidad con perspectiva de género mahai-ingurua izango da. Gonbidatuak Frank T (No hay negros en el Tibet) eta Beatriz Serrano eta Guillermo Alonso (Arsénico Caviar) izango dira.
Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturunearen areto nagusian egingo dira.