Poesia astean izango dira Itziar Ugarte, Harkaitz Cano, Carlos Marzal eta Mircea Cărtărescu
Martxoaren 20tik 27ra izango da Donostiako Poesia Astea
Donostiako Poesia Astearen bosgarren edizioa martxoaren 20tik 27ra izango da. Poesiaren inguruko ikuskizunak eta solasaldiak antolatu dituzte Euskal Herriko zein kanpoko poetekin.
Lehen emanaldia martxoaren 20an izango da, Gu gabe ere. Biharamunean, hitz eta irudi bidezko errezitaldi poetikoa, Itziar Ugarte eta Mikel Landarekin. Hurrengo egunean, VI. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa egingo dute, Liburutegi Nagusian. Egun berean, Harkaitz Cano, Maite Larburu, eta Beñat Barandiaranek Soneto bat irakurtzeko 20 modu eskainiko dute Viktoria Eugenia Klubean.
Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko, Nerea Azcona, eta Nora Otxoteko izango dira martxoaren 22an, Victoria Eugenia Clubean, poesia, musika eta margolaritza uztartzen dituen Itsas hariak izeneko emanaldian. Carlos Marzal kaleratu berri duen Euforia lanaz arituko da Ernest Lluch Kultur Etxean, martxoaren 23an, Itziar Mínguez Arnaiz aurkezlea ondoan duela.
Martxoaren 24an, Manuel Vilas bere obra poetikoaren, bere ibilbidearen eta unibertso sortzailearen gakoen inguruan solasean arituko da Ylenia Benitorekin, Ernest Lluch Kultur Etxean.
Azkenik, martxoaren 27an, Mircea Cărtărescu literatur kritikari, poeta eta narratzaile errumaniarra izango da Ernest Lluch Kultur Etxea, Luisa Etxenikerekin solasean.
Ekitaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa izan ezik, hura eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da. Gonbidapenei dagokienez, Victoria Eugenia Clubekoak martxoaren 17ko goizeko 11:30etik aurrera eskuragai egongo dira webgunean (jarduera bakoitzaren eremuan) eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan. Ernest Lluch Kultur Etxekoak, berriz, martxoaren 17tik aurrera jaso ahalko dira kultur etxean bertan.