Sei urteko espetxe zigorra jarri diete lau laguni gazte transexual bat atxiki, erasotu eta iraintzeagatik
Gipuzkoako Auzitegiak sei urteko kartzela-zigorra ezarri die lau laguni, hiru gizoni eta emakume bati, Donostiako etxebizitza batean neska transexual bat hamaika orduz bere borondatearen aurka atxikitzea egotzita. Gertakariak 2020ko apirilaren 23an jazo ziren, eta etxebizitza horretan tratu txarrak eman eta iraindu egin zuten emakumea, ustezko zor ekonomiko bat kitatzen saiatzeko.
Inputatuek gertakarien egiletza aitortu dute gaur fiskaltzaren eta akusazio partikularraren aurrean. Ministerio Publikoak hamar urteko espetxe-zigorra eskatzen zuen hasieran lau horietako bakoitzarentzat, baina egindako kaltea konpontzeko aringarria aplikatzea onartu du gaur; izan ere, auzipetuek biktima konpentsatzeko 16.000 euro sartu dituzte epaitegiaren kontu batean.
Horiek horrela, lau auzipetuei lau urteko kartzela-zigorra ezarri diete, legez kanpoko atxiloketa delitu baten egile izateagatik; urtebete eta hiru hilabetekoa, intimitatearen aurkako delitu batengatik; bederatzi hilabetekoa, estortsioagatik; eta 120 euroko isuna, lesio arinen delitu batengatik.