Gipuzkoa Basketek bere taldea izango du 3x3-ko zirkuitu profesionalean
Gipuzkoa Basketek bere ibilbidea abiatuko du 3×3 modalitateko zirkuitu profesionalean (FIBA 3×3), txapelketa ofizialetan eta ekitaldi pribatuetan, Onil 3×3 taldearekin elkarlanean. Duela bi denboraldi sortu zuten taldea, eta hamaika txapelketa irabazi ditu dagoeneko. Gipuzkoa Basketek izen honekin jokatuko du 3×3-ko diziplinan: San Sebastian Gipuzkoa Basket. Gutxienez, hurrengo bi denboraldietan hartuko du parte Gipuzkoa Basketek 3×3-ko zirkuituan eta bestelako txapelketetan.
Nacho Nuñez Gipuzkoa Basketeko presidentea pozik agertu da 3×3-ko taldearekin: “3x3ko talde bat sortzea gure kluba dimentsio berri batean kokatzeko apustu irmoa da”. Era berean, nabarmendu du diziplina hori ezagutarazteko helburuarekin sortu dutela taldea.
3×3-ko saskibaloia diziplina olinpikoa izango da Parisko Olinpia Jokoetan, Tokiokoetan debuta egin ostean. Partiden iraupenari dagokionez, hamar minutuko edo 21 puntuko muga izaten dute, eta kanasta bakarreko kantxa batean jokatzen dute. Horrez gain, hiru jokalari ditu talde bakoitzak, eta ez dago entrenatzailerik, laugarren jokalari bat baizik, errotazioak egiteko. Bestalde, ohiko saskibaloian bi puntu balio dituzten kanastek puntu bat balio dute 3×3-n, eta hiru puntu balio dituztenek bi. Halaber, defentsan ari den taldeak baloia berreskuratzen duenean, hirukoaren zonatik atera behar du erasoa abiatzeko. Denboraldia maiatzean hasten da, eta azaroan bukatu.