Osakidetzako garbitzaileak ospitalean mobilizatu dira, bigarren greba egunean
Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuak astebeteko greba egiten ari dira, eta elkarretaratzea egin dute gaur (hilak 28) Donostia ospitalearen aurrean. Astelehenean hasi zuten greba, eta igandean bukatuko dute. Homologazioa da grebaren erdigunea, eta gehiengo sindikalak deituta ari dira greba egiten: LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, alegia. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ari dira greba egiten, eta, guztira, 2.500 bat langile dira.
LAB sindikatuko ordezkari Naiara Carvajalek hedabide honi azaldu dionez, “bost urte baino gehiago” daramatzate lan hitzarmena negoziatzen: “2017an bukatu zitzaien hitzarmena. Bost urte baino gehiago, 50 bilera baino gehiago, aurrerapausorik gabe”. Halaber, euren aldarrikapenen fokua homologazioan dagoela nabarmendu du: “Homologazioak lau oinarri ditu: garapen profesionala izatea –hau da, Osakidetzako edozein langilek aukera duen moduan, garbitzaileek ere garapen profesionaleko deialdietara sarbidea izatea–, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, sistema “duinagoa” izatea bete gabe dauden lanpostuak betetzeko eta Osakidetzako langile propioek dituzten zenbait lizentzia eta eskubide izatea”.
Iaz, apirilean eta abenduan ere egin zituzten grebak, baina ez zuten aurrerapausorik lortu, LABekoak deitoratu duenez. Horrela, orain ere ez dute aurrerapausorik lortzeko ziurtasunik: “Egia da azaroaren erdialdean bitartekariaren esku hartzea eskatu genuela, ikusita mahai negoziatzailea blokeatuta zegoela, eta orain dela gutxira arte ez dugula izan bitartekari horrekin bilera. Hala ere, bileran ez da aurrerapausorik eman, eta ez zaigu egin gure aldarrikapenei irtenbide bat emateko proposamenik. Orduan, ez dakigu greba honek eragina izango duen eta Osakidetza eta patronala mugituko diren, edo blokeo egoera honetan jarraituko dugun”.
Sektore feminizatua
Garbitzaileena “gehienbat feminizatua” dagoen sektore bat da, eta, horren harira, patronalaren jarrera kritikatu du Carvajalek: “Ikusten dugu beste sektore batzuetan, feminizatuak ez direnak, patronalak azkarrago mugitzen duela fitxa. Adibidez, Bizkaiko metalgintzan ikusi dugu pare bat bilerarekin hitzarmen bat lortu dela, eta guk bost urte daramatzagu borrokatzen. Gainera, ez dugu beste munduko ezer eskatzen, baizik eta hitzarmenak jasotzen duen homologazioa aplikatzea, besterik ez”.
Astelehenean, istiluak Gurutzetan
Atzo egin zuten lehenengo greba eguna, eta Gurutzetan (Bizkaia) egin zuten mobilizazioan istiluak izan ziren, Ertzaintzak langileen aurka jo baitzuen. Gertatutakoarekin haserre agertu da LABeko ordezkaria: “Kritika zorrotza egiten diogu Osakidetzako zuzendaritzari eta Ertzaintzari, atzo erakutsitako errepresioarengatik. Azkenean, gu langileak eta ordezkari sindikalak gara langileen eskubideak aldarrikatzen, eta iruditzen zaigu atzo Gurutzetan gertatu zena gehiegikeria izan zela. Oso basatia izan zela Ertzaintzaren esku hartzea. Hemendik, sindikatu guztiok gaitzesten dugu gertatutakoa, eta bat egiten dugu hango langileekin, baita gure elkartasun osoa erakutsi ere”.
Grebak irauten duen bitartean, mobilizazioak egiten jarraituko dute: asteazkenean, 08:00etan mobilizatuko dira berriz Donostia ospitalean, ostegunean hiru herrialdeetako langileak bilduko dira Gasteizko parlamentuaren aurrean, ostiralean 12:00etan mobilizatuko dira eta asteburuan mobilizazio bateratua egingo dute Bilbon.