Aingeru Zaindariaren Eguna ospatu dute Ibaetan
Eguraldi hotza egin du, baina ohi bezala, zortea izan dute Ibaetako jai batzordeko kideek. Azken urteetan bezala, eguzkipean ospatu dute jaietako egunik bereziena, martxoaren lehena, Aingeru Zaindariaren Eguna. Batzuk Ibaetatik igo dira ermitara, Aingeru Zaindariaren bidetik; beste batzuk Añorga aldetik. Jende asko oinez igotzera animatu da, baina autoz ere joan dira asko. Eta, tarteka, taxiak ere iritsi dira, jende gehiagorekin. Festa ezagutzen duenak errepikatu nahi izaten du, eta aukera izanez gero, jendeak ez du hutsik egiten.
Ohiko tokian elkartu dira, ermitaren ondoko zelaigunean. Meza egin ondoren, salda beroa hartu dute, eta trikitilarien emanaldiarekin dantza egitera animatu dira hainbat lagun talde. Jai batzordeko kideak lan eta lan aritu dira txorizo eta haragi egosia banatzen, eta edalontziak ardoarekin eta sagardoarekin betetzen.
Dantza emanaldia izan da aurtengo berritasuna. Amassorrain ikastolako haurrek Aingeru Zaindariaren soka dantza egin dute. Auzoko Arkaitz dantza taldeko kideek egin dute dantza lehendabizi, eta, ondoren, denek elkarrekin. Aurten Añorgakoek egin dute dantza, eta agian urtero ikastetxe baten dantza emanaldia egitea pentsatu dute.
Bertso emanaldian, ordea, tradizioari eutsi diote, eta ohiko laukotea igo da agertoki gainera: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, eta Gaztelumendi anaiak. Aurtengo jaiak ez ezik, pandemiarengatik ospatu ezin izan diren jai hoiek ere ospatzeko deia egin du Beñat Gaztelumendik. Auzoko nobedadeez hitz egin dute. Andoni Egañak esan du auzoko ermitan apaiza berria dagoela, eta eraikina berritu dutela: “Ba omen du gaztetasunaren indarra. Barrualdea berritu dute, ez da idea kaskarra. Atzerakoia omen da bera, edo atzerakoi samarra. Orduan niretzat oso argi da bera berritu beharra”. Unai Gaztelumendik aitortu du aspaldi ez dela sartu ermitara, baina berritu dutenez, barrura sartu dela ikustera. Meza emaile berria zegoela ohartu da, baina apaiz berria izan arren “meza lehengoa izaten jarraitzen duela”.
Gaur eta astelehena bitartean jaietan murgilduko da auzoa. Kontzertuak, bertso afariak, tortilla txapelketa, haurrentzako jolasak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte.