Bost donostiar ikertuko ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, ETAk 2000. urtean egindako ekintza batengatik
Inpunitatearen Kontrako Espainiako Elkartearen salaketa baten harira, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek ustez ETAko zuzendaritzako kide izandako hamar euskal herritarren kontrako prozesua abiatu du. Iñaki Gracia, Javier Garcia Gaztelu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Asier Oiartzabal, Juan Carlos Iglesias Chouzas, Mikel Albisu, Bizente Goikoetxea, Ramon Sagarzazu eta Marixol Iparragirre dira ikertuko dituzten pertsonak, eta bost donostiarrak dira: Olarra, Mujika, Iglesias, Albisu eta Iparragirre (jaiotzaz eskoriatzarra, baina Antiguako presotzat hartuta dago). Albisu izan ezik, beste lau donostiarrak espetxean daude oraindik, zigor luzeak betetzen.
Berria egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, ETAk 2000. urtean Sallent de Gallegon (Huesca, Espainia) egindako ekintza baten inguruko auzia da berriz ikertuko dutena, “genozidio bat” egiten saiatu zirelakoan. Guardia Zibilaren auto baten kontra egindako ekintza bat izan zen, eta bi guardia zibil hil zituzten. Aipatu elkartearen salaketaren helburua da ETAren ekintzak “genozidio politika” baten partetzat hartzea.
Azkenaldian antzeko hainbat prozesu abiatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia elkartearen hainbat salaketa aintzat hartuta. Besteak beste, aipatu hamar euskal herritarren aurkako beste ikerketa bat abiatu zuten otsailean, Jesus Mari Pedrosaren hilketaren harira.