Carmen Castillo zinemagilearen inguruko erakusketa, Okendo Kultur Etxean
Giza Eskubideen 20. Zinemaldiak Carmen Castillo, txiletar erbesteratu bat erakusketa antolatu du Groseko Okendo Kultur Etxean. Izan ere, Castillori emango diote jaialdiaren ohorezko saria apirilean (21etik 28ra izango da Giza Eskubideen Zinemaldia), eta zinemagilea Donostiara etorriko da saria jasotzera, apirilaren 21an. Erakusketa ostegunean irekiko dute (hilaren 2an), eta maiatzaren 4ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketako komisarioa Imma Merino kultur kazetari eta zinema kritikaria da, eta Carmen Castillo (Santiago, Txile 1945) zinemagile dokumentalista eta idazlearen erbestealdiaren inguruko ibilbidea osatu du. MIReko (Movimiento de Izquierda Revolucionaria) militantea, 1973ko irailaren 11n Salvador Allende Castilloren gobernu demokratikoa boteretik kendu zuen estatu kolpearen ondorioz, klandestinitatean ibili zen eta Augusto Pinocheten diktaduraren aurka borrokatu zen Castillo. Gerora, Txiletik kanporatu zuten, eta erbestealdi luze bat hasi zuen, Parisen bizitzen jartzera eraman zuena.
Erakusketa memoria historikoari buruzko bere dokumentalen –La Flaca Alejandra eta Calle Santa Fe– zati esanguratsuenekin eta bere liburuekin –Un día de octubre en Santiago, Ligne de fuite, Santiago-París, El vuelo de la memoria (Monica Echevarria amarekin batera idatzitakoa); osatu dute. “Testuek, beste dokumentu eta elementuez gain, oihartzun unibertsala duen esperientzia pertsonal baten berri ematen dute”, Giza Eskubideen Zinemaldiak azaldu duenez.