Donostiako airearen kalitatea neurtzeko proiektua aurkeztu dute
Donostiako Udalak Fitoarakatzen proiektuarekin bat egin du. Horren bidez, etxebizitza partikularretan jarritako gramineoen laginak aztertuta, agente kutsatzaile jakin batzuen presentzia neurtuko dute. Hiriko azterketa Cristina Enea Fundazioak bultzatu du, eta Iker Aranjuelo Mitxelena doktoreak koordinatuko du.
Fitoarakatzen proiektuaren helburua Euskal Herriko zenbait eremutako airearen kalitatea aztertzea da, boluntarioen etxeetako balkoietan eta leihoetan jarriko diren gramineo landareak banatuz. “Bere ezaugarriak direla eta, gramineoak eta belarra gramineo mota bat izanik, asko erabiltzen direla airearen ingurumen kalitatea ikertzeko”, nabarmendu du Aranjuelok.
Egitasmoa datozen asteetan garatuko da Cristina Enean banatuko diren loreontzietan hazitako belar landareen laginak jarri beharko dituzten pertsonen laguntzarekin. Bi hilabetez, landareak balkoietan egongo dira, eta airean egon daitezkeen substantzia kutsatzaileak atzematen joango dira. Proiektuan parte hartzen duten boluntarioek noizean behin bakarrik ureztatu beharko dituzte. “Bi hilabete igaro ondoren, laginak jaso eta laborategira bidaliko ditugu, aztertu eta beren zelula egituretan metal astunen presentziari buruzko datuak eman ditzaten”, azaldu du Aranjuelok.