Ekuatore Gineako aingeru zaindaria
Jesus Lazaro Owono Ngua Akeng (Bata, Ekuatore Ginea, 2001eko Martxoaren 1a) 8 urte zituela etorri zen Donostiara, baina bere jaioterriari ikusgarritasuna eman nahi dio futbolaren bidez. Alaveseko bigarren atezain eta Ekuatore Gineako atezaina da. Betidanik izan da futbol zalea baina kasualitatez bilakatu zen atezain. Futbolean ametsak bete dituen arren, oraindik ametsak betetzeko dituela onartu du.
Nola izan ziren zure lehen pausoak futbolean?
Ibai Ikastolan hasi nintzen eskola kirolean, eta gero ikaskide baten aitak Antiguoko K.E.-ra eraman ninduen proba batzuk egitera, eta hartu ninduten. Gero, hortik Realera, eta hortik Alavesera.
Betidanik jakin zenuen atezaina izan nahi zenuela?
Ez, ez. Ni hasieran aurrelaria nintzen, eta entrenamendu batean nire taldeko atezainaren aurka kolpe bat hartu nuen, eta berak min hartu zuen. Hori ikusita, hurrengo partidan atezaina ni izango nintzela esan nion entrenatzaileari. Entrenatzaileak ondo egiten nuela ikusi zuenez, hortik aurrera atezain moduan jokatzen hasi nintzen.
Beraz, esan daiteke kasualitatez hasi zinela atezain izaten?
Bai, guztiz.
Lehenago aipatu dugu Realeko harrobian ibili zinen, eta zure lehen mailako partida Realaren aurka izan zen Mendizorrotzan Alavesekin? [2022ko Urtarrilaren 2an]
Bai, nire bizitzako taldearen aurka eta nire etxe berrian lehen partida jokatzea ahaztezina izan zen.
Nola gogoratzen duzu egun hori? Noiz jakin zenuen Realaren aurka hamaikakoan atera behar zinela?
Niri goizean hirugarren atezain moduan joango nintzela esan zidaten. Goizean, COVID-19aren probak egin zizkiguten, eta bigarren atezainak positibo eman zuen. Eguerdian, bigarren atezain izango nintzela jakin nuen. Bazkal ostean, berriro deitu zidaten esanez lehenengo atezainak ere positibo eman zuela eta hor jakin nuen nire lehen partida jokatuko nuela.
Urduri zeunden partidaren aurretik?
Hasieran bai, baina gero partida aurrera zihoan heinean lasaitzen joan nintzen, parkean jolasean egongo banintz bezala eraman nuen. Horrek ere lasaitzen lagundu ninduen.
Gainera, Realaren aurkako partida eta egun gutxira, Ekuatoreko Gineatik deitu zizuten Afrikako Kopa jokatzeko. Nola eraman zenituen egun horiek?
Mundu berri bat zen niretzat, baina egoera normalizatzen saiatu nintzen. 3 urtetik daramat futbolean jokatzen eta horrelako momentuetan hori guztia gogoratzen dut lasaitzeko.
Nola izan zen zure jaioterrira, Ekuatoreko Gineara, bueltatzea eta herrialdeko heroi bilakatzea?
[Irribarrea atera zaio] Esperientzia ahaztezina izan zen. Futbolean oraingozegin dudan gauzarik garrantzitsuena izan da. Ekuatoreko Ginea ez da herrialde ezaguna, eta guretzat ikusgarritasun hori lortzea helburu bilakatu zen. Eta orain ikusgarritasun hori bilatzen ari gara.
Nola izan zen Maliren aurkako penalti txanda?
Ufa! Goiz hartan Alavesen neukan atezain entrenatzailearekin hitz egin nuela gogoratzen dut, eta bere aitonaren heriotzaren berri eman zidan. Berak esan zidan aingeru zaindari bat gehiago edukiko nuela gau horretan nire bizkarra zaintzen. Azkeneko penaltiaren aurretik, ezkerreko eskuan bere omenez neraman doluzko besokoa ukitu nuen laguntza eske eta, zorionez, gelditzea lortu nuen. Hor konturatu nintzen benetan aingerua zaindaria nuela.
Euskal Herrira itzulita, bigarren mailako igoera postuetan zaudete. Zein da aurten Alavesen duzuen helburua?
Gure helburua ahalik eta puntu gehien lortzea da, azkeneko jardunaldietara lehen mailara igotzeko aukerekin iristeko. Hau da, igoera zuzeneko edo play off postuetatik gertu bukatu igotzeko aukerak izateko.
Denboraldi bukaera honi zer eskatzen diozu?
Lesioek errespetatzea, garrantzitsuena osasuna baita, eta, ahal bada, Alavesekin lehenengo mailara igotzea.
Futbolean ametsak bete dituzu: Ekuatoreko Ginearekin Afrikako Kopa jokatzea eta Espainiako lehen mailan jokatzea, besteak beste. Zein amets falta zaizkizu betetzeko?
Oraindik amets ugari gelditzen zaizkit betetzeko. Lehen mailako jokalari moduan finkatu nahi dut, partida bat bakarrik jokatu baitut. Ahalik eta txapelketa gehien jokatu nahi ditut, baina nire ametsik handiena Ekuatoreko Ginearekin munduko txapelketa jolastea da.
Eta, bukatzeko, nola bizitzen zenituen Ibaetako jaiak?
Niretzako Ibaetako jaiak urteko momenturik berezienetarikoak dira. Niri dantza asko gustatzen zait eta jaietan beti dantzaokean parte hartzen nuen. Oroitzapen asko ekartzen dizkit, bakarrik eta lagunekin dantzan, eta jende asko ezagutzeko aukera ematen zidan. Oroitzapen oso politak ditut.