Lucas Egibar eta Alvaro Romero ez dira onenekin aritu Georgiako Munduko txapelketan
Gaur jokatu dute Georgiako Bakuriani eski estazioan munduko snowboard kros txapelketa, eta bi ordezkari donostiarrek ez dute esperotako emaitza lortu. Alvaro Romero snowboarderra final-laurdenetara iritsi da, eta Lucas Egibar final-hamaseirenetan erori egin da. Hilaren 3an jokatu behar ziren finalak, baina antolakuntzak snowboard kros lehiaketa osoa aurreratu behar izan du eguraldi iragarpenarengatik.
Egibar irabazteko hautagaietako bat zen, 2021ean Idre Fäjllen (Suedia) lortutako titulua defendatzen baitzuen. Hala ere, final-hamaseirenetan azkarregi joan da eta jauzietako batean atera egin da. “Titulua berrestera etorri ginen, eta 32 onenen artean ere ez naiz sartu. Amorratuta nago, oso ondo nenbilelako, oso azkar nentorren eta jauzian erori egin naiz, oso luze pasatu naiz”, adierazi du Egibarrek. 33. postuan bukatu du txapelketa, eta dagoeneko datozen Munduko Kopako probei begira jarri da. “Munduko Kopan lau lasterketa daramatzagu, bi oso onak egin ditut eta beste bietan bota egin naute. Horrek amorru handiagoa ematen dit. Gaur ni bakarrik izan naiz, nire akatsa izan da, moteldu behar nintzen erori naizen puntuan”, adierazi du Egibarrek.
Romero Egibar baino hobeto moldatu da. Final-zortzirenetan bigarren txandan lehiatu da Jacub Zerava txekiarraren, Leon Beckhaus alemaniarraren eta Omar Visintin italiarraren aurka. Final-laurdenetan, berriz, Visintin, Martin Noerl alemaniarra eta Nick Baumgartner estatubatuarrarekin aritu da. “Pozik nago emaitzarekin. Final-zortzirenetan lasterketa ona egin dut, bigarren jarri naiz bigarren bihurgunean eta beheraino eustea lortu dut. Onenekin borrokan egon naiz helmugaraino, snowboard ona erakutsi dut eta motibatuta nago”, adierazi du Romerok. Azkenean, 13. postuan geratu da donostiarra, eta bera ere Munduko Kopari begira jarri da. Batez ere, gazte mailako munduko txapelketa irabaztea du helburu.