Paul Urkijok 'Irati'-ri buruz hitz egingo du larunbatean Tabakaleran
Paul Urkijo Alijo zinemagilea Tabakalerako Kontatutako Zinea zikloan egongo da larunbatean (hilak 4). Zinema aretoetan estreinatu berri duen Irati film arrakastatsua izango du hizpide, eta obraren nondik norakoak azalduko ditu –filma ez dute proiektatuko–.
19:00etan izango da hitzaldia, Zinea I aretoan, euskaraz, eta gaztelaniazko aldibereko itzulpenarekin. Ikusle gisa joateko, gonbidapena eskatu behar da, Tabakaleraren webgunean.
Pasa den ostiralean estreinatu zuten Irati zinema areto komertzialetan, eta euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldirik arrakastatsuena izan du. Hain zuzen ere, lehenengo asteburuan 112 kopia proiektatu zituzten estatuko zinemetan, eta 204.000 euro bildu zituen. Aurretik, ordea, Donostiako Beldurrezko Astean proiektatu zuten iaz, eta hedabide honek Antzoki Zaharreko proiekzioaren kronika ondu zuen: ‘Irati: zapalduen aldarrikapen bat’.