Uliazpiko lan eskaintzako euskara eskakizuna legez kanpokoa dela ebatzi du EAEko Justizia Auzitegiak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, legez kanpokoa da euskararen ezagutza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. Ategorrietan du egoitza Uliazpik, eta 2021ean onartu zuen 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua. Euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Betekizun hori, ordea, legez kanpokoa dela ebatzi du Auzitegi Nagusiak. Sententziaren arabera, “euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean”.
Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak “sumindura eta desadostasun irmoena” adierazi du Luis Javier Murgotio epaileak sinatutako epaiaren aurrean, eta iragarri du aldundiak helegitea jarriko duela erabaki judizial horren kontra. “Administrazioari dagokio gure zerbitzuetako familiei eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzea eta horrek eskatzen du erabiltzaileen hizkuntza aukerak bermatzea. Hizkuntza eskubideak herritarrenak direlako eta erakundeoi dagokigulako eskubide horiek errespetatu daitezen betearaztea”, nabarmendu du Mendizabalek.
Epai hau ez da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ildo horretan ematen duen lehenengoa. 2021eko maiatzean, auzitegi horrek berak “diskriminatzailetzat” jo zuen Irungo Udalak udaltzaingo lanpostuetarako deialdietan euskara jakitea eskatu izana, eta iazko irailean, Auzitegi Gorenak ez zuen tramiterako onartu Irungo Udalak irizpen horren aurrean aurkeztutako kasazio errekurtsoa.
Bestalde, 2022ko otsailean, Gasteizko epaile batek Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizuna lortu ez zuen langile bat berriz kontratatzea agindu zuen, euskara ikasteko hizkuntza konplexua dela iritzita.