"Autodefentsa feminista ikastaroek zerbait pizteko eta kontzientzia hartzeko balio dute"
Emagin elkarteak autodefentsa feminista ikastaroak emango ditu martxoan Donostiako Emakumeen Etxean. Euskarazkoa hilaren 11n izango da, 10:00etatik 14:00etara; gaztelaniazkoa, aldiz, hilaren 17an (16:00-20:00) eta 18an (10:00-14:00 eta 15:00-19:00) izango da. Izen ematea Emakumeen Etxearen webgunean egin daiteke.
Zer dira autodefentsa feminista ikastaroak?
Saiatzen gara autodefentsa feministako ikastaroak espazio seguruak izan daitezen emakumeentzat eta emakume gisa sozializatzen diren pertsonentzat. Batez ere, indarkeria matxistaren aurrean, kontzientzia garatzeko eta horiei aurre egiteko estrategiak bilatzeko espazioak dira.
Emagin elkarteak kudeatzen ditu autodefentsa feministako ikastaroan Donostian. Noiz hasi zineten?
2010. urtearen inguruan. Nire lankide batzuk unibertsitatean zeudenean, autodefentsa talde autonomo bat zuten, barne mailakoa. Eta talde horri eskatu zioten autodefentsa ikastaro bat emateko Donostian. Gero, Emaginen ere hasi zinen ikastaro horiek ematen, eta esango nuke Donostian instituzioetatik eta leku gehiagotatik hasi zitzaizkigula deitzen 2014-2015 inguruan. Gaur egun, Donostiatik urtero deitzen digute bi saio egiteko, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
Zein profiletako jendea joaten da ikastaroetara?
Denetarik. Egia esan, oso plurala izan daiteke ikastaroa. Nork antolatzen duen eta tokiak ere baldintzatzen du hori. Hala ere, orokorrean, 16 urtetik gorako emakumeentzako ikastaroak dira.
Nolakoak izaten dira ikastaroak?
Hasieran erronda bat egiten dugu jendearen aurreikuspenak eta iritziak jakiteko, eta askok uste dute ikastaroak arlo fisikoa lantzeko bakarrik direla. Asko ideia horrekin etortzen dira, baina saioan zehar ez da hori bakarrik lantzen, hori autodefentsa feministaren lanketa bat delako, baina ez guztia. Horretara iristeko, kontziente izan behar gara sistema estrukturalaren indarkeria honetaz guztiaz. Jakin behar da zein bestelako indarkeria mota dauden, ez ditugunak identifikatzen, eta horien inguruan hitz egiteko ere badira ikastaroak.
Gainera, emakume gisa bizi izan ditugun esperientzia guztiak ere partekatzen ditugu, eta, orokorrean, ahalduntze eta boteretze lan bat egiten da alderdi desberdinetatik.
Zer ikasita ateratzen dira emakumeak horrelako ikastaroetatik?
Eskaeren arabera, saioak desberdinak izan daitezke. Lehen, zortzi orduko saioak egiten genituen, eta, orain, ordu kopurua murriztu dugu. Onena prozesu izaerako saio batzuk egitea izango litzateke, hainbat hilabetez luzatzen direnak. Dinamizatzaile gisa, oso aberasgarria egiten zait emakumeen artean sortzen den elkartasuna eta hortik ateratzen den indarra ikustea. Interesgarria da ikustea beraiek bizipenak nola elkarbanatzen dituzten, eta nola sortzen den espazio seguru eta goxo bat. Autoezagutzako dinamikak ere oso ondo baloratzen dituzte, beraientzako lasai egoteko tarte bat hartze hori. Izan ere, indartuta ateratzen dira ikastaroetatik.
Nahiz eta autodefentsa ikastaroak egin, erasotzaileei aurre egiteko gai izate horrek lanketa handiagoa eskatzen du, ezta?
Bai, erabat. Indarkeria matxista ez da autodefentsa feminista ikastaro batean konponduko den zerbait. Ikastaroek zerbait pizteko eta kontzientzia hartzeko balio dute, baina berez, eguneroko lanketa bat izan beharko litzateke. Saioak urtean behin baino, sarriago egin beharko genituzke, indarra hartzen joateko. Izan ere, askotan ahaztu egiten zaigu guk ere erantzuteko gaitasuna eta eskubidea dugula, eta hori ere kendu egin digute, sentitzen dugulako ez garela gai. Ez badugu espazio seguru bat bilatzen, ez dugu egingo. Beraz, eguneroko lanketa bat egin behar da, oinarri sendo bat izateko.
Autodefentsa feminista ikastaroak txikitatik egin behar direla uste duzu?
Bai. Autodefentsa feminista oso aterki zabala da, eta horren barruan gauza asko landu daitezke. Nerabeekin adibidez, aztertzen dugu beraiek nolako harremanak izaten dituzten, eta harreman toxikoak identifikatzen saiatzen gara, besteak beste. Ikastaroetan ez bada, ez dute espaziorik horien inguruan hitz egiteko, beraz, oso garrantzitsua da txikitatik hori lantzea.
Helduen taldeetan eta ikastetxeetan desberdin hartzen dituzte ikastaroak?
Bai, oso desberdina da. Adibidez, neska gazteagoak denbora pasa etortzen dira hasieran, baina konturatzen direnean zer gai landuko ditugun ohartzen dira kontu serioa dela.
Autodefentsa feminista aterki zabal bat dela esan duzu lehen. Zein atal ditu aterki horrek?
Alde batetik, iruditzen zait autodefentsa feministaren inguruan hitz egiten denean, jende asko atal fisikoan zentratzen dela, eta uste duela ukabilkadak ematen ikastera etortzen direla. Baina autodefentsa feminista ez da hori bakarrik. Horretara iritsi aurretik, beste hainbat gauza landu behar dira: autoezagutza, autoestimua lantzea, segurtasuna eta ahalduntzea, adibidez. Indarkeria matxistaren izeberga lantzen denean, jende asko goiko tontorrean geratzen da eta hori lantzera etortzen dira, baina eraso fisikoen azpian dagoen guztia ere landu behar da. Oso garrantzitsua da hori nabarmentzea.