Bizikletaz Adinik Ez egitasmoa Gipuzkoa osoko egoitzetara iritsiko da
Donostian sorturiko Bizikletaz Adinik Ez elkarteak hitzarmen bat sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Horri esker, trizikloan egiten dituzten ibilaldi solidarioak adinekoen Gipuzkoako 18 egoitzetara iritsiko dira. Udaberritik aurrera egingo dituzte aipaturiko ibilaldiak, eta horietako hiru Donostian izango dira.
Gaur goizean egin dute hitzarmenaren aurkezpena Intxaurrondoko Sagastieder plazan, Txara I eta II egoitzen aurrean. “Hitzarmen honi esker, Bizikletaz Adinik Ez elkartearen ekimena eskualde gehiagotara iritsiko da, eta geroz eta pertsona gehiagok baliatu ahal izango du ibilaldi hauetaz, esperientzia bikaina baita bidaiariarentzat nahiz gidariarentzat, baita hiritar guztientzat ere”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.
Martxoaren 25ean Zarauzko Santa Ana egoitzan hasita, guztira 26 irteera egingo dituzte zazpi eskualde eta hamalau udalerritan. Donostiari dagokionez, Zorroaga, Alai Etxe eta Berio adinekoen egoitzetako egoiliarrekin egingo dituzte ibilaldiak.