Epai "euskarafoboa" salatzeko elkarretaratzea egin dute Uliazpiko langileek

Uliazpi fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo emaniko “epai euskarafoboa” salatzeko. LABek eta ELAk deituta, Jose Maria Sert plazan elkartu dira goizean, fundazioaren egoitza nagusiaren parean.
Desgaitasun neurologikoak edo fisikoak dituzten herritarrekin eta haien senideekin egiten du lan Uliazpik, eta 2021ean 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua onartu zuen. Euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Betekizun hori, ordea, legez kanpokoa dela ebatzi du Auzitegi Nagusiak.
Uliazpiko langileek azaldu dutenez, “kolpe latza” izan da epaia, iruditzen zaielako hutsean uzten duela azken urteetan egindako lana.