Ermitara igotzeak badu saria
Eguraldi hotza egin zuen, baina ohi bezala, zortea izan dute Ibaetako jai batzordeko kideek, eguzkipean goxo-goxo ospatu dute jaietako egunik bereziena, martxoaren lehena, Aingeru Zaindariaren Eguna.
Batzuk Ibaetatik igo ohi dira ermitara, Aingeru Zaindariaren bidetik; beste batzuk Añorga aldetik. Jende asko oinez igotzera animatu ohi da, autoz ere bai. Eta, tarteka, taxiak ere iristen dira, jende gehiagorekin.
Denek esaten dute festa berezia dela. Gertukoa da, masifikatu gabea, leku lasaian egiten da, naturaz inguratuta. Festa ezagutzen duenak errepikatu nahi izaten du, eta aukera izanez gero, jendeak ez du hutsik egiten.
Ohiko tokian elkartu ziren, ermitaren ondoko zelaigunean. Meza egin ondoren, salda beroa hartu zuten, eta trikitilarien emanaldiarekin dantza egitera animatu ziren hainbat lagun talde. Jai batzordeko kideak lan eta lan aritu ziren txorizo eta haragi egosia banatzen, eta edalontziak ardoarekin eta sagardoarekin betetzen.
Dantza emanaldia izan da aurtengo berritasuna. Amassorrain ikastolako haurrek Aingeru Zaindariaren soka dantza egin zuten. Auzoko Arkaitz dantza taldeko kideek egin zuten dantza lehendabizi, eta, ondoren, denek elkarrekin.
Bertso emanaldian, ordea, tradizioari eutsi zioten, eta ohiko laukotea igo zen agertoki gainera: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, eta Gaztelumendi anaiak. Aurtengo jaiak ez ezik, pandemiarengatik ospatu ezin izan diren jai hoiek ere ospatzeko deia egin zuen Beñat Gaztelumendik.
Auzoko nobedadeez ere hitz egin dute. Andoni Egañak esan zuen auzoko ermitako zaharberritze lanez eta apaiza berriaz aritu zen: «Ba omen du gaztetasunaren indarra. Barrualdea berritu dute, ez da idea kaskarra. Atzerakoia omen da bera, edo atzerakoi samarra. Orduan niretzat oso argi da bera berritu beharra». Unai Gaztelumendik aitortu zuen aspaldi ez zela sartu ermitara, baina berritu dutenez, barrura sartu zela ikustera. Apaiz berria izan arren «meza lehengoa izaten jarraitzen duela», esan zuen.
Astelehena bitartean jaietan murgilduko da auzoa. Kontzertuak, bertso afariak, tortilla txapelketa, haurrentzako jolasak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte.