Mikel Martin LGTBI aktibista hil da
Mikel Martin (Donostia, 1954-2023) LGTBI aktibista historikoa hil da. EHGAMeko kide izateagatik zen ezaguna, baina hainbat borroka sozialetan aritu zen gaztetatik.
Oarsoaldeko Hitzan egindako elkarrizketa batean azaldu zuen, bere amak zioen moduan, 16 urterekin hasi zela “iskanbiletan” sartzen. “Francoren diktaduraren azken sei urteak bizi nituen, eta iraultza sozial eta politikoarekin konpromisoa hartu nuen, askatasunaren etsaien aurkako iraultzarekin konpromisoa hartu nuen. Ordenu judiziala, militarra, eliza, burgesen ohiturak, kapitalaren tirania, banketxeak, patronoek egin zuten esplotazioaren legalizazioa, lurra eta nekazaritza lurren espoliazioa, kutsadura, AEBn akordio militarrak, hezkuntza pribatu elitista, GAL, torturatzaileak, isolamendua, prezioen gehiegikeria… Azken batean, injustizia izan dut jomugan. El Salvador, Nikaragua, edo Sahara herrien askatasunaren aldeko borroka hasi zenean, edo apartheid-aren, arrazakeria eta xenofobiaren kontrako borroka, apur bat Martin Luther King sentitu nintzen, Angela Davis edo pantera beltza, baita Bernadette Devlin ere. Halakoak babesten dituzunean, ekintzaile egiten zarenean, sentitzen duzulako da”.
Mikel joan zaigu.
— Ehgam 🔻 (@EHGAM) March 2, 2023
Gure bizitza arnasgarriagoa izan da zuri esker. Zurekin topo egiteak alaitasuna eta borrokarako indarra eman dizkigu beti. Oso harro gaude zutaz.
Gogoan zaitugu. Ez adiorik lagun! pic.twitter.com/ztZjq3XyZi
EHGAMen sorreran parte hartu zuen, 1977an, eta hil arte LGTBI komunitatearen eskubideen alde borrokan jarritu du. Irutxuloko Hitzak Mikel Martin eta Pilar Mendibil aktibistak elkarrizketatu zituen 2019an, Espainiako Gobernuak homosexualitatea despenalizatu zuenetik 40 urte bete zirenean, eta Martinek horrela kontatu zuen EHGAMen sorrera: “Antonio izeneko kide bat Galestik etorri, eta taldearen sortzaileetako batekin elkartu zen Durangoko azokan, Imanol Alvarezekin. Antoniok esan zion Imanoli, hitzez hitz: ‘Badakizu Erresuma Batuan maritxuak bildu egiten direla euren eskubide zibilen alde borrokatzeko? Zer iruditzen zaizu zerbait egiten badugu hemen?’. Imanolek Euskal Herrian zailtasun asko ikusten zituela adierazi zion, baina aurrera jarraitu zuten, eta gaur arte borrokan aritu gara”.
Euskal militantea izateagatik, eta sexu askapenerako militante izateagatik jipoitu zuten Espainiako lau militarrek 2005ean, Donostian, Urbieta kalean. Larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Jose Bono Espainiako Defentsa ministro zenak erasoaren biharamunean Espainiako telebistan zalantzan jarri zuen Mikel Martinen testigantza. 2011. urtean Donostiako auzitegiak gertakarien inguruko epaia jakinarazi zuen: bina urteko espetxe zigorra eta 300na euroko isuna bi akusaturi, eta 4.500na euroko isuna beste biei.