“Niretzat poza da kayak surfa, indarra ematen didan bizitzako zati garrantzitsu bat”
Hasierako urduritasun eta ilusioak mantentzen ditu Olatz Garmendiak (Ibaeta, 1999), lehiatzen hasi zenetik 12 urte igaro diren arren. Ibaetakoak “ordu asko” uretan pasa ondoren, gorantz egin du txapelketetan, munduko garaile izan arte: “behin urrea lortuta, berriro lortzea gustatuko litzaidake”. Pozik eta irribarretsu aurkitu dugu Olatz Garmendia (Ibaeta, 1999). Baditu horretarako arrazoiak. Izan ere, aurreko urteko urrian, Ingalaterran egindako Munduko Kayak Surf Txapelketan urrezko domina ekarri zuen etxera. Ondo daki urteetako ahalegina beharrezkoa izan dela egungo fruituak jasotzeko, eta maila berean entrenatzen jarraitu nahi du, garaipen zerrenda handitzeko.
Lehenik eta behin, zorionak, Olatz. Orain, hilabete batzuen ostean, zein sentipen sortzen zaizkizu txapelketa gogoratzean?
Izugarrizko poza eta harrotasuna sentitzen dut. Oroitzapen onak etortzen zaizkit burura. Hala ere, norbaitek gogoratzen didanean edo zoriontzen nautenean, neurri batean gustuko dut eta asko eskertzen dut, baina, aldi berean, lotsa apur bat ematen dit, ez baitzait ingurukoen arreta bereganatzea gustatzen. Goraipatzen nautenean burua ezkutatu nahi nuke batzuetan.
Azken urteotan lehen postuetan sailkatu zara. Nolako garapena ikusi duzu zugan?
Garapena teknika aldetik ikusi dut batik bat, nire entrenatzaileak esaten duen moduan, hobetzeko gakoa uretan surfean ahalik eta denbora gehien pasatzea baita. Lehiaketa guztietan jarri ohi naiz urduri, baina egungo desberdintasuna, agian, urduritasun hori kudeatzea edo horrekin lehiatzen jakitea da.
Horrenbeste lehiaketaren ostean, manga bakoitzean gozatzera eta nire bertsiorik onena erakustera sartzen banaiz hobeto lehiatzen naizela ikasi dut, eta emaitza hobeak lortzen ditudala gainera. Neurri batean, urteetako esperientzia kirol emaitzetan islatu da, eta mundialetik mundialera postua berdintzen edo hobetzen joan naiz.
Ipar Irlanda (2017) eta Peruko (2019) brontzeen ondoren iritsi baita urrea.
Bai. Aurreko urteetan lortu dudan brontzea piragua luzeetan izan da eta lehenbiziko urrea dut motzetan, (HP- High performance kategoria). Gainerako nazioarteko txapelketetan, luzeetan (IC- International Classic) gailendu izan naiz, eta horregatik finalera igarotzeko itxaropena nuen kategoria horretan, baina bidean gelditu nintzen finalerdikoetan. Motzetan, ordea, lehenbiziko postua eskuratu nuen, eta sekulako lorpena izan da niretzat.
Lehiatzerakoan, zein alde dago piragua motz eta luzeen artean?
Surf egiteko modua desberdina da. Tamaina eta itxura aldetik bi piragua ezberdin dira, eta surf orokorrean gertatzen den moduan, luzeen kasuan birak lasaiagoak dira. Motzetan aldiz, bortitzagoa da, mugimenduak askoz ere motzagoak, laburragoak eta azkarragoak direlako. Teknika aldetik, maila bera eskatzen dute biek, nahiz eta piragua motzak gilak behar dituen.
Munduko txapeldun, eta Euskal Selekzioarekin gainera.
Niretzat ohorea da euskal selekzioarekin eta ikurrinarekin joatea, badakidalako beste kirol modalitate askotan ez dutela aukera hori, zortedunak garela, alegia. Ikurrina mordoa daramatzagu, eta beste talde batzuen aldean, sentimendua nabarmena dela esango nuke.Hori esan ohi digute, behintzat.
Aurten, gainera, aitortza izan duzue Donostiako udaletxean. Nolakoa izan da zuretzat?
Bai, udaletxean eta baita Kirol Galan ere. Bilbora ere gonbidatu gintuzten Euskal Selekzioak duen aldarrikapena egiteko. Aitortza hauek guztiak asko eskertzen dira, gure kirol txikia ezagutarazteko aukera emateaz gain, egin dugun lanaren eta ahaleginaren isla direlako.
Kayak surfa kirol gutxitua da, baina arrakasta handia du gurean, bistakoa da euskal gazteria buru-belarri dabilela txapelketetan…
Bai. Itsasoa hain gertu izateak eta olatuak ematen duen aukera mordoak jendea motibatzen du. Oso erakargarria den kirola da, adrenalina puntu bat izateaz gain, Euskal Herrian, aukera zabala dugulako praktikatzeko.Gurean egiten den kayak surfa munduan erreferente da, eta herrialde batzuen jomuga gure taldearen maila lortzea da.
Lehiakideei dagokionez, Ingalaterra izan dugu arerio nagusi azken munduko txapelketan, etxean jokatzen zutelako, eta aurreko txapelketetan behin baina gehiagotan bigarren postua eskuratu dutelako, gure atzetik.
Bakarka ere, aurkari zehatz bat izaten dugu. Urte askotan elkar lehiatu dugulako, edo teknika zein taktikoki kirolari ona delako.
Kayak surfa bakarkako kirola da, baina talde sendoa dirudizue. Zein giro duzue?
Oso giro ona dugu. Txikitatik pentsatu izan dut kayak surfean eta, oro har, kirolean jarraitzeko dugun arrazoietako bat giroa eta sortutako harremana dela. Nire erreferente nagusia Edu Etxeberria da, nire entrenatzailea. Gaztetatik egon naiz berarekin eta balio asko irakatsi dizkit. Familia eta lagunez gain, kiroletik balio ugari barneratu ditut eta hein handi batean bere trasmisioagatik izan da. Beti eskertuko diot hori.
Eta nola ikusten dituzu taldeko belaunaldi berriak?
Oso indartsu datoz, egia esan. Kontuan izan behar da nik izan ditudan erreferentziak eta haienak oso desberdinak direla. Egungo helduen maila oso altua da eta horregatik gazteetatik baliabide gehiago izaten dituzte. Neurri handi batean, horrek eragin du egun duten indarra izatea. Lehiatzerakoan, norberaren buruan pentsatuta, egia da zertxobait kezkatzen gaituela, gazteak oso bizi datozelako eta gure lekua defendatu behar dugulako.
Zure kasuan, nola iritsi zinen kayak surfera?
7 urterekin sartu nintzen lehen aldiz piraguan batean. Lanzaroten, Playa Blancan geundela, piragua bat alokatu eta hortxe joan ginen, ama arraunean eta ni palarik gabe aurreko aldean eserita.
Gerora, amak bultzatuta, piraguismoko udako ikastaro bat egin nuen, Donostiako Real Club de Tenis taldean. Piragua bat erosi eta hor hasi zen nire zaletasuna. Orduan, monitore batek Donostiako Klub Nautikoarekin lehiatzen hasteko proposamena egin zidan, eta aurrera ekin nion. 11 urterekin hasi nintzen, orain 23 ditut eta bere horretan jarraitzen dut.
Oso gazte hasi zinen lehian ere. Nola uztartu dituzu entrenamenduak eta ikasketak?
Zure burua antolatu behar duzu noski, eta ez baduzu antolatzen, ez zoaz inora. Nire kasuan, ikasketek pisu handia izan dute, gradu bikoitza egin dut, gainera. Orain, masterrarekin ere, eta kirola egin eta bizitza soziala mantentzeak gutxieneko antolaketa bat eskatzen du, bestela, ezinezkoa da.
Zure ikasketek badute kirolarekin zerikusirik?
Bai, Jarduera fisikoaren eta kirolaren Zientzietako Gradua, Lehen Hezkuntzako Graduarekin batera ikasi dut. Kirola eta irakaskuntza txikitatik gustuko izan ditudan bi arlo izan dira, eta nire etorkizuna gorputz- hezkuntzako irakasle ikusten dut.
Nolakoa da munduko txapelketa baterako prestaketa?
Normalean, entrenatzailearekin entrenatzen naiz, baina azken aldian nire kontura nabil, ikasketak direla eta. Zurriolan entrenatzen gara, baina olatu handiak edo baldintza desegokiak baditugu, Kontxara lekualdatzen gara, eta Zarautzen ere sartu izan gara. Gure denboraldia irailetik ekainera izaten da, udan olatu gutxiago izaten ditugulako. Uda partean, gainera, zailagoa da gure hondartzetan surfeatzea, jende asko pilatzen delako uretan. Horregatik, ikastaroak eman ohi ditugu hilabete horietan.
Lehiatu ez ezik, monitore lanetan ere ibiltzen zara… Zer gustatzen zaizu gehien?
Kirol baten bi alderdi oso desberdin dira. Biak ditut gustuko, baina nire buruarentzat entrenatzen dudanean, sentitzen dudan adrenalina eta poztasuna nirea da. Jarduera fisikoa erakusteak, ordea, beste modu batean asebetetzen nau, txikitatik jaso ditudan balioak trasmititzeak ere asko pozten nauelako.
Ordu asko dira kirol baten bueltan… Zer da kayak surfa zuretzat?
Niretzat poza da kayak surfa, indarra ematen didan bizitzako zati garrantzitsu bat. Adrenalina puntu hori ematen dit, olatu batean nagoenean alai sentitzen naiz, eta olatu kaskarragoak hartzerakoan aldiz, hobetzeko motibazioa izaten dut. Momentuz gustura jarraitzen dut, baina ez dakit zenbat segiko dudan kirol honetan.
Aurrera begira, zein da betetzeko duzun helburua?
Urrea beste behin lortzea gustatuko litzaidake. Datorren munduko txapelketa Argentinan egingo da eta burua horretan dut dagoeneko. Nire asmoa piragua motz zein luzean gailentzea da, eta bietarako entrenatzen nabil.
Ez dut puntuazio zehatzik behar, eta ez da bilatzen dudana. Kirol honetan, finalean gauden lau kirolarietatik hoberena izatea da xedea. Bi olatu onenak hartzen dira kontuan eta gehieneko 20 puntutatik, 8, 10 edo 16 lortzeak ez du ezer ziurtatzen, gainerakoak gainditu behar ditudalako derrigorrez.