Santi Cocaren kasuko epaiketa bertan behera utzi dute, akusatu batek ihes egin duelako
Santi Cocaren heriotzarengatik akusatuetako batek ihes egin zuen otsailean, eta hori dela eta, epaiketa bertan behera utzi du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Hala eskatu zuten fiskaltzak eta Cocaren familiak, eta hala egin du epaileak, “erabaki logiko, proportzional eta gomendagarria” dela iritzita. Guztira, sei lagun daude akusatuta, Coca hiltzea leporatuta.
Halaber, auzitegiak agindu du ihes egin duen pertsona bilatzeko eta atxilotzeko. Behin-behinean aske egoteko zituen baldintzetako bat zen maiztasun jakin batekin epaitegietara joatea, baina baldintza betetzeari utzi zion akusatuak.
2019an hil zen Coca, Donostiako Klub Nautikoko diskoteka batean egin zioten eraso baten ondorioz. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hogei urteko espetxe zigorra eskatzen dute sei akusatuendako, hilketarengatik. Udalbatzak, aldiz, hamabost urteko kartzela zigorra eskatzen du bost akusaturentzako, eta hogei bestearentzat. 2020an, epaiketa egiten zuten bitartean, behin-behinean aske utzi zituzten akusatu guztiak, hainbat baldintzarekin. Ordea, esan bezala, horietako batek ihes egin du.